Maria Jesus D’ Hoeste El Congreso de los Puebloseko ordezkaria.
Maria Jesus L’ Hoeste Kolonbiako emakume indigenak eta El Congreso de los Puebloseko kideak inauguratu zuen atzo Mikelazulok antolatzen duen Herrien Astea:
Kapitalismoa, emakumea eta bizitza hitzaldiarekin. Aurretik tartetxo bat hartu zuen HITZArekin bere herriaren egoeraren gainean hitz egiteko. “Injustiziaren” aurrean herritarren batasuna beharrezkotzat jo du.
Zer da El Congreso de los Pueblos mugimendua?
2010ean sortutako agertoki berri bat da, Kolonbiako mugimendu sozial eta politiko batek bultzatua. Hainbat adierazpen erabiliz, araudi edo legislazio bat bilatzen du herritik bertatik sortutakoa. Horrez gain, hainbat herriren eta batez ere, herri indigenen erresistentzia eta borroka sozialaren metaketa bat da. Mugimendu hori Minga Indigenatik dator [2008an egin zuten martxa bat herri indigenari kendutako lurrak bueltatzeko eskatzeko. 45.000-60.000 lagunek parte hartu zuten]. Hortik, indigenak beste sektore sozial eta politikoetara zabaldu ziren. Minga sozial-komunitarioa sortu zen. Agertoki horretan, guk esaten dugun bezala,
hitza mugitzen hasi ginen, eta El Congreso de los Pueblos sortzeko proposamena eraikitzen hasi ginen: herriaren eraikuntza ahalbidetuko duen agertoki bat; herriaren eskaerak bilduko dituena; herriak orientatuko duena bizitza defendatzeko zein pauso behar diren; erresistentzia prozesuetan lurraldeak eta subiranotasun nazionala defendatuko dituena. Horiek beharrezkoak dira etorkizuneko herri eta mundu hori eraikitzeko.
Izan ere, pobreak ez gara ordezkatuak sentitzen Kolonbiako kongresua den instituzio horretan, eta horregatik behartuta sentitzen gara gure araudi agertokia egitera.
Pobreak ez gara ordezkatuak sentitzen Kolonbiako kongresua den instituzio horretan, eta behartuta sentitzen gara gure agertokia egitera”
Zein alor jorratzen ditu El Congreso de los Pueblos-ek?
Hainbat sektore eta lurralde dira agertoki hori eraikitzen ari direnak, eta hainbat gai-ardatz jorratzen ditugu. Lehenengoa Lurra, lurralde eta subiranotasuna da. Bigarrena, bizitzeko ekonomia eta dirua kentzearen kontrako ekonomia, desberdintasun sozialen kontra; beste eredu bat posible dela erakutsi nahi dugu. Hirugarren ardatzari, Ongizaterako Botere Eraikuntza deitu diogu. Laugarrenak harremana dauka kultura, aniztasuna eta etikarekin. Bosgarren puntua Bizitza, Justizia eta Bakerako bideak da; gatazkaren funtsa desegonkortasun sozialean dagoela eta eredu menderatzaile bat dagoela frogatu nahi dugu, Horregatik garrantzitsutzat jotzen dugu bake prozesuan elkarrizketa eta negoziazio prozesua egotea, baina gogorarazi nahi dugu bakea fusilak isilaraztea baino gehiago dela. Seigarrenak harremana dauka akordioak betetzen ez badira eskubideak urratzen direla. Zazpigarrena, azkenik, herrien integrazioa eta borrokaren globalizazioa da. Kolonbia ez da gure muga, Latinoamerika eta mundu osoa batu behar dira; borrokak globalizatu behar ditugu nahi dugun mundu hori eraikitzeko.
Nola jartzen ari zarete praktikan gai horien lanketa?
Orduz geroztik, gaikako eta sektoreen araberako zenbait kongresu egin ditugu. 2011an Lurra, Lurralde eta Subiranotasuna kongresua egin genuenean, eskaera bat atera zen lege berri bat egiteko, nekazaritza lege bat. Nekazaritza herriak arautzeko, herriarena izateko eta lurra nekazaritzarako erabiltzeko, eta ez bioerregaietarako, edo mineroenergetikorako ezta multinazional edo proiektu handietarako.
Martxoan Bakerako Kongresua antolatu genuen. Beharrezkotzat jotzen dugu eta exijitzen dugu gobernua eta insurgentzia guztia (egun aktore bakarra dago, FARC) esertzea eta negoziatzea gatazka armatuarekin bukatzeko. Negoziazio mahai horretan gauza bat falta dela iritzi diogu: gizartearen ahotsa. Horregatik, bakerako kongresu horretan erabaki zen bakearen aldeko nazio mailako elkarrizketa bat martxan jartzea gizarte eragile guztiekin. Horrez gain, parte aktibo bat izateko eskatzen da, bitartekaririk gabe: elkarrizketa zuzena izatea.
Era berean, hezkuntzaren aldeko beste kongresu bat egin nahi dugu, estatuak martxan jarri dituen murrizketen eta unibertsitateen itxieraren kontra. Kalitatezko hezkuntza publiko eta doakoa eskatzen dugu.
Lanean ari garen azken kongresua emakumeena da. Benetan eraiki nahi dugun herrialde horretan emakumeen ikuspuntu eta posturarekin batera eraikitzeko.
Kapitalismoa, emakumea eta bizitza da Errenteria-Oreretan emango duzun hitzaldiaren izenburua. Zeintzuk dira emakumeen indigenen eskaera nagusiak?
Emakume indigena, afroa nahiz nekazaria bezala, sistema kapitalistak gehien kolpatu duen sektorea da. Emakumea askotariko esplotazio kapitalisten protagonista izan da. Emakume nekazariak bere antzinako kulturan hainbat bortxaketa jasan ditu, baina era berean, bizitzaren sortzaile eta ehulea da. Zorionez, bere arloan posizioak irabazten joan da, baita agertokiak irabaziz ere euren proposamenak egin eta ikustarazteko.
Emakumea askotariko esplotazio kapitalisten protagonista izan da”
Azaroaren 25 Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta sektore indigena, Minga eta nekazariak bezala Kolonbiako emakume guztientzat egun esanguratsua da, baina era berean, tristea. Ez dugu ezer ospatzeko, milaka eta milaka emakumeen hiltzen dituztelako, eta isilarazi edo ezkutatu egiten dituzte hil ondoren ere. Hala ere, ekarpen handia egin dute emakumearen burujabetze prozesu horretan, eta baita kapitalismo basati horren kontrako borrokan ere.
Europan krisiarekin gertatzen dena ikusita, Kolonbiako herriaren artean eta zehazki, herri indigenaren artean badago batasunik?
Herri indigena antolatu da, eta horrek erakusten du badagoela batasun prozesu bat sistema errepresibo eta gerreristaren aurrean, eta triskantzak, bortxaketak, gehiegikeriak erakusten dituen sistema baten aurrean. Kolonbiako indigena hainbat agertokitan antolatuta dago. Eta horiek denak batzen dituena Erresistentzia Minga Indigena da.
Batasun prozesu bat zaila da, baina prozesurik ez da aurrera aterako ez badugu batasun ildorik. Estatu kapitalista horren estrategia da, ordea, herria zatikatuta eta lokartuta egotea, beraiek herri horiek kaltetzen dituen politika martxan jartzen duten heinean. Kapitalismoa oso azkarra da, eta erremita guztiak dituzte horretarako. Nekazariek, ordea, euren matxete eta aginte makilekin defendatzen dira izugarrizko teknologia militarren aurrean.
Batasun prozesu bat zaila da, baina prozesurik ez da aurrera aterako ez badugu batasun ildorik”
Minga Indigenaren erresistentziaren harira, mobilizazioak izan dira urrian, eta protesta baketsuak egin zituzten, eta estatuaren indar militarrek erreprimituak izan ziren. Gainera, sektore indigena aktore guztiek kolpatua izan da. Hainbat herritan biztanle guztiek alde egin behar izan dute, eta horrek ehun hori puskatzea eragin du maila batean. Hala ere, Kolonbiako mugimendu soziala bateratze prozesu batera heltzen ari da, politika neoliberal horien aurka egiteko.
Kolonbiako Gobernuak gogor erantzun du, beraz.
Gerra zikin honetan beti erantzuna bera izan da: errepresioa, zirikatzea, beti kontrako jarrerarekin. El Congreso de los Puebloseko hainbat kide hil dituzte, baita liderrak ere. Atentatuak jasan dituzte, mehatxuak… Errepresioarekin jarraitzen du, herritarren mugimendua handituz doalako, eta gobernuak jartzen dituen politikei aurre egiten diolako. Hori guztiak munduari erakusten dio Kolonbiak gerran jarraitzen duela. Negoziazio mahaia martxan dagoen arren, jarraitzen dute Kolonbiako herria suntsitzen.
Horren aurrean lan egitea besterik ez da geratzen beraz, ezta?
El Congreso de los Pueblosek lanean jarraitu behar du, eraikitzen jarraitu bizitza eraldatu, herrialdea eraiki, egunean egunean herritarren interesak gehiago zapaltzen dituen gobernuari aurre egiteko eta munduko elkartasuna eskatzen jarraitzeko. Horretarako nazioarteko laguntza behar dugu, prozesu horiek eraikitzen laguntzeko, ez baita erraza hori eraikitzea nazioarteko komunitatearen laguntzarik gabe.
Nazioarteko laguntza behar dugu prozesu horiek eraikitzen laguntzeko”
Lurraldeko bizitza planen eraikuntza bultzatzen jarraitzen dugu gure ikuspuntu eta interesekin bat datorrena, nekazaritza erreforma integrala, bermea ematen duten zerbitzu publikoekin, subiranotasunaren defentsa… Hainbat arrazoi dauzkagun borrokatzeko, eta indarrak batzeko.