Uztargiko jangelan elikagai ekologikoen alde egin dute
Ekolapiko egitasmoarekin bat egin dute Errenteriako Udalak eta Uztargi haur eskolak, eta dagoeneko hasi dira horiekin egindako otorduak ematen. Ekolapiko Biolur, Cristina Enea fundazioa, ENEEK, Ekogunea eta Behemendik sustatutako proiektua da, eta baserrian ekoitzitako elikagaiak, eta batez ere elikagai ekologikoak eskoletako jangeletan txertatzea du helburu.
Uztargi eskolan Ekolapikoren alde egin dute, eta dagoeneko bertako jangelara joaten diren haurrek elikagai ekologikoak jaten dituzte. Beñat Irasuegi Uztargin bi haur dituen guraso bat da, eta biek astelehenetik ostiralera jangelan jaten dute. Astean bost egunetan haurrek zer jaten duten kezkatzen duela esan du, eta elikadura kalitatea bermatu behar dela. Beraz, garrantzitsutzat jo du, batez ere eskolak berak sukalde eta sukaldari propioa edukitzea, eta horren gestioa berak egitea. “Horri esker, sukaldariak badaki haurrek zer nahi dute, eta aldaketak egiteko aukera ematen du. Era berean, duela zenbait aste jarritako programarekin “oso gustura” azaldu da.
Ildo horretatik, beste ikastetxeak ere egitasmoa probatzera animatu ditu: “Puskatu behar da ekologikoa garestia den topikoarekin. Elikagai ekologikoa erosterakoan gastatzen duzun diru kopurua elikagaira berara doa, ez distribuziora”.
Josune Romo Biolurreko kideak azaldu duenez, 2007an jarri zuten martxan egitasmo hori Gipuzkoan, eta egun zortzi ikastetxek dituzten euren jangelak Ekolapikon sartuta. Hiru helburu ditu proiektuak. Batetik, Gipuzkoako landa garapena sustatzea, bertako eta garaiko produktuak kontsumituz. Bestetik, ingurumenarekiko errespetatu nahi du, eta zentzu horretan, kalitatearen eta jasangarritasunaren eredu garbiena elikagaiak modu ekologikoan ekoiztea dela esan du. Azken helburua, osasuna eta hezkuntza dela adierazi du, eta horretarako, haur eta familiak sentsibilizatu behar dela.
Ekolapikoko produktuen %80k jatorri ekologikoa duela jakinarazi du, eta garaiko produktuak Tolosaldetik ekarriko dituztela horiek. Garaitik kanpokoak, berriz, Nafarroatik (fruta, lekari, zereal, olio eta tomate kontserbak, pediatrek gomendatutakoak).
Zortzi ikastetxek egin dute bat Ekolapikorekin Gipuzkoan, horien artean eskualdeko bat: Oiartzungo Haurtzaro eskola.
Eass