Tartalariek "elkartasun golosala" jaso dute Irunen
Yolanda Barcinari 2011n Okzitaniako Tolosan tartak bota zizkietenei babesa emateko ekimenak egin dituzte Irunen asteburuan. Larunbat goizean, esaterako, tarta txapelketa egin zuten, “elkartasun golosala” adierazteko. Denera 15 opil aurkeztu zitutezten Urdanibia plaza ondoan jarri zuten gunera, eta Koldo Salinas epaileak erabaki zuen Nereak, Ainarak, Mirenek eta Olaxak (Bilgune Feministako kideak dira) egindako tarta izan zela onena. Presentzia onena
zuen tartaren saria, berriz, Iunek irabazi zuen; koroa baten marrazkia zuen tarta horrek, eta azpian B hizkia, Barcinari erreferentzia eginez. Hala, irabazleek, produktu ekologikoz osatutako saskia eraman zuten etxera, Aldatsa kooperatibaren eskutik.
Ekimenaren antolatzaileek, Irungo AHTaren kontrako taldekoek, nabarmendu dute opilen “irudimena, forma eta kolore aberastasuna” handia izan zela, eta era guztietako osagaiak erabili zituztela egileek horiei zapore emateko, ohikoak, azukrea, arrautzak, esnea, irina, gurina, pattarra; baina fruta eta barazkiak ere erabili zituenik ere izan zen. Eta hornikuntza aldetik, tarten gainean “Gu tartalariak” edo “Ez hemen ez inon” leloak zituztenak ere izan ziren.
Txapelketa bukatuta, Antton titiriteroak merenge jaurtiketa egin zuen, eta esnegaiarekin zikinduta zeudenen bitartez Urdanbiako larunbateko azokan zuedenek jakin ahal izan zuten hilaren 18an epaituko dituztela Madrilen lau tartalariak, eta 5-9 urte arteko espetxe zigorra esatzen dutela haientzat.