Pasaiako historiaren laginak, postaletan
Antxotarrok Historia Mintegiak Antxoko Postalak izeneko erakusketa zabaldu zuen larunbatean, Antxoko Kultur Etxean. 150 inguru postalen bidez, udalerriaren bilakaera, ohiturak, tokiak eta bestelakoak ikus daitezke, denak ala denak benetako postalak. Pedro Perez Amutxastegiren biltegitik ateratakoak dira irudiak –askoz gehiago ditu bilduta, aukeraketa egin behar izan dute erakusketarako—, eta paneletan banatuta, herriaren historiaren berri, irudiekin, jakin daiteke.
Larunbateko inaugurazioan, barrutiko historia zaleez gain, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria egon zen. Hark esan zuen “harrigarria” egin zaiola erakusketa, “bertan dauden postal ikusgarriengatik. Iragana ezagutu behar da etorkizunari aurre egiteko”.
Igandera arte egongo da zabalik mostra. Ondoko ordutegiarekin: astegunetan, 19:00etatik 21:00etara; larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara.