
Jon Nuñez eta Iñigo Gaiartzagoitia, gaur, azoka aurkezten
Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza elkartearen, Txoria Txori egitasmoaren, eta Balconet-en ekimenez (azoka tematikoen operadore profesionala da Balconet), Kultur Arteko Azoka egingo dute asteburuan Antxon. Ostiral arratsaldean zabalduko dute azoka Gure Zumardian, igandera arratsera arte. Bitarte horretan, 50 artisau ingururen postuak, munduko musiken ikuskizunak, nazioarteko jakiak, dantza emanaldiak nahiz falkoneria ikuskizunak egongo dira barrutian. Pasaiako Udala eta Eusko Jaurlaritza agertzen dira azokaren babesleen artean.
Gaur aurkeztu dute azoka Txoria Txori egitasmoko nahiz Laurak Bateko ordezkariek. Pasaiako merkatarien elkarteko presidente Jon Nuñezen arabera, “interesgarria” iruditu zitzaion Laurak Bati azoka Pasaiara ekartzea, “Pasaian ere kultur aniztasuna dagoelako, horrelakoa da gure udalerria”. Hala, aniztasun hori kultur ikuspegitik jorratzea baliagarri dela esan du Nuñezek, “eta gainera, jai giroa izango da herrian. Horrek ekarriko du Antxoko jendea bertan gelditzea, eta kanpokoak etortzea”.
Txorian Txoriko kide Iñigo Gaiartzagoitiak nabarmendu du azokak dituen postuen eskaintza “kalitatezkoa” izango dela, eta horietan Euskal Herriko nahiz atzerriko kideen postuak egongo direla, “hor dago gisa honetako azoken aberastasuna”. Gainera, Antxoko kaleak bizi-bizi izango direla jakinarazi du, antolatutako ekitaldien bitartez.
Datuak
Hona azokaren gaineko hainbat datu:
- Gastronomiako postuak, 4: pizza denda, Kebab denda, Panpizza eta Arabiako te etxea.
- Elikagaiak salduko dituzten artisauen postuak, 15: gazta, hestebeteak, Leongo gatzartua, gozokiak, txokolatea, fruitu lehorrak…
- Eskulangintza postuak, 30: zurezko jostailuak, bitxigintza, zilarra, kosmetika naturala, lurrinterapia, larrua…
- Ikuskizunak: Kirambi Kergui (Afrikako musika), Al Karabi (Arabiako dantzak), Egiptoko dantzak eta falkoneria erakustaldiak (larunbatean eta igandean, 12:00etan).
- Haurren txokoa: 5 urtetik gorakoentzako gunea, eta beste bat 5 urtetik beherakoentzako.
- Ordutegia: ostiralean 17:00ak aldera zabalduko dute; larunbat eta igandean 11:00etatik 14:30ak arte goizez, eta 17:00etatik 21:00ak arte arratsaldez.