Estrasburgoren epaia auzitegi bakoitzak aplikatzea ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak
Ez ditu Gorenak erabakiko kasu guztiak. Preso bakoitzari 197/2006 doktrina aplikatu dion auzitegiari dagokio Estrasburgoren epaia aplikatu eta hura aske utzi edo ez erabakitzea. Beraz, ostiraleroko bileretan kasuak banaka aztertzen segiko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gorenak datorren astean deliberatuko du bere esku dauden bost kasuei buruz.
Estrasburgoren epaia 197/2006 doktrina aplikatu zuten auzitegiek beraiek ezartzea ebatzi du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak. Bigarren Zigor Salako hamasei epaileek diote, doktrina aplikatu zuten beraiei dagokiela hura indargabetzea, hala egiten behar denean, eta ez Gorenari. Erredentzioak kontatzeko modua Gorenean bihurtu zen doktrina 2006an, baina aplikatu, zigorra jartzen duten auzitegiek aplikatzen dute.
Beraz, aurreko astean abiatutako bidean jarraituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Ostiralero bilerak egingo ditu Zigor Salak, eta kasuak banaka aztertu ostean presoak kaleratzen. Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiekin alderen bat konforme ez balego, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera luke.
Gorenak datorren astean erabakiko du bere esku dituen bost kasuei buruz. Izan ere, doktrina aplikatuta giltzapean dauzkaten bost presoren helegiteak ditu mahai gainean, Espainiako auzitegietan jarraitzen ari ziren prozedimenduaren barruan. Haietako batzuk fiskalak jarritako helegiteak dira, aske utzitako preso batzuk berriz kartzelatzeko eskatuz.