Atez atekoaren balorazio "oso positiboa" egin du Pasaiako Udalak
Bi hilabete igaro dira Donibanen hondakinak atez ate biltzeko sistema indarrean denetik, eta Udalak “oso balorazio” positiboa egin du. Bertako iturriek jakitera eman dutenez, “Donibanen lehen bi hilabeteetan hondakinen gaikako bilketaren tasa %84,74koa da. Trintxerpen, San Pedron eta Antxon, aldiz, %24,04koa”. Pasaiako alkate Amaia Agirrebagibiriak esan duenez, “sentipen oso onak” dituzte “ikuspegi zibiko eta etikotik. “Guk argi genuen eredu aldaketarena, jendarteari begira eta etorkizuneko arduragatik hartu beharreko erabakia zela, eta sentipenek ez ezik, datuek ere horixe adierazi digute”, esan du alkateak.
Irailean 21.100 kilo organiko jaso dituzte Donibanen, batez beste 9,25 kilo biztanleko. Donibane 2.280 biztanleko barrutia da eta 37.700 kilogramo hondakin sortu zituen irailean. Horietatik 32.700 berrerabilgarriak izan dira eta 5.000 errefusa.
Agirregabiriaren arabera, datuek bidea erakusten dute. “Barruti batean %85eko gaikako bilketaren tasa dugu, eta herriko gainerakoetan %24koa. Zentzu horretan, “bilketa selektiboaren tasek gainerako barrutietan ere gora egiteko desioa eta asmoa” adierazi du alkateak.
Pasaiako Udalak datuak “lan onaren emaitza” direla uste du, “jende askoren eguneroko jokabide etiko eredugarriaren erakusle”.
Edonola ere, Pasaian hondakinak biltzeko sistemak oraindik orain “zer hobetu baduela” aitortu du udalak eta “Donibanen bezala, Trintxerpen, Antxon eta San Pedron helburuak errefusarik ez sortzea” izan behar duela esan dute. Bide horretan neurri berriak hartuko dituztela iragarri dute.