Pasaiako biziberritzeaz ahaztu izana leporatu dio PSE-EEk Urkulluri
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan Pasaiako badia biziberritzeko 60.000 euro aurreikusi ditu EAJk, eta PSE-EEren arabera, kopuru horrekin “Eusko Jaurlaritzak Pasaia biziberritzeko lantzen ari den proiektua hilik jaiotzen da”. PSE-EEren iritziz, 60.000 euroko partida batekin biziberritzearekiko “interes falta” eta “lehentasunik eza” erakusten ari da gobernua, eta “inplikazio handiagoa” eta “partida handitzea” eskatu du. PSE-EEren arabera, Gipuzkoako “hiri berriztatze garrantzitsuena behar zuenak eten egingo da berriro”. Jaizkibia desegin izana erabaki kaltegarritzat jo du PSE-EEk , sozialisten iritziz erakunde hark bermatzen zuelako erakunde guztien parte-hartzea eraberritzean. Urkulluren exekutiboak gainontzeko erakundeekin hitzarmena egiteko konpromisoa hartu zuela eta ez duela bete gogoratu dio.