Hausnarketa gunea martxan jarriko du Oiartzungo Sortuk
Oiartzungo Sortuk Hausarketa gunea deitu dioten ibilbidea abiatuko du bihar. «Iraunkorra izan nahi duen ariketa» gisa ezaugarritu du. 10:00etan hasiko da saioa, 12:00ak arte, udaletxeko areto nagusian.
Hausnarketa guneak bi helburu ditu Oiartzungo Sortuk azaldu bezala: “Lehenik eta behin, ezker abertzalearen egiturako kide nahiz oinarri sozialaren artean hausnarketa gune bat eraiki eta konpartitzearena; eztabaidatzeko ohitura barneratzea litzateke bigarrena, aurre-iritzirik gabekoa, formakuntza deitzen dugun hori, geure buruari egiten dizkiogun galdera sortari erantzuten saiatze aldera etenik ez duen ariketa bat baino ez delako azken finean”.
Horretarako Joseba Azkarraga idazle eta soziologoaren Euskal Harriak saiakera liburua proposatu du herriko Sortuk: “Euskal gizarte/jendarteaz harago AEBak nahi Britainia Handiko esperientzien jabegun izanik, lehen munduko, hots, Iparreko gizarte-ereduaren erradiografia bat erakusten digu”.
Parte hartzeko
Hausnarketa gunean parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du Amazkar tabernan.
Hurrengo saioak hilaren 23an, 30ean eta abenduaren 14an izango dira, ordu eta toki berean.