
Iazko desafioa, Ergoienen.
Auzoetako festak bukatuta, auzoen arteko desafioa dator. Bihar izango da, Gurutzeko Jai Batzordearen eskutik.
Aurten bosgarren urtez jarraian izango da auzoen arteko desafioa. Ugaldetxon izan zen lehenengoa eta gero Arraguak, Altzibarrek eta Ergoienek hartu zuten lekukoa. Aurten Gurutzeri dagokio desafioa prestatzea eta dagoeneko dena prest dute.
11:00etan elkartuko dira parte hartuko duten auzoak, Bizardia plazan. Aurkezpena egin eta gero sukaldaritzako probarekin hasiko dira lehenik. Aurten auzo bakoitzeko sukaldariek untxia saltsan prestatu beharko dute. Gurutzekoek untxia, azenarioa, tipula, olioa eta baratxuria jarriko dituzte eta hortik aurrera bakoitzak ahal duen hoberen egiten saiatuko da.
Sukaldaritza proba martxan dagoen bitartean, jokoak egingo dituzte gainontzeko parte hartzaileek: pilota partidak, txikorta bilketa, zapi jokoa… Dena bukatuta, bazkaria egingo dute.
Azken urtetan Arragua izan da txapela jantzi duena. Ea aurten zer gertatzen den.