Erretiratuek 2,40 euroan joan ahal izango dute zinemara
Niessen Zinemek Errenteriako Udalarekin eta herriko erretiratuen elkarteekin elkarlanean adinekoak zinemara joateko programa bat aurkeztu du: Zinema Zabalduz. Horren arabera, erretiratuen elkarteko txartela aurkeztuz gero, hamabost egunean behin, ostegunarekin, 2,40 euroren truke pelikula bat ikusi eta kafe bat hartzeko aukera izango dute pertsona horiek.
Lehenengo pelikula hurrengo ostegunean, hilak 14, botako dute: Séptimo. Patxi Amezcua nafarrak zuzendu du, eta Argentinarekin elkarlanean egindako filma da. Sandra Martinez Niessen zinemetako ordezkariak azaldu duenez, estreinatu berria da filma, eta publiko horrentzako egokiena dela iruditzen zaielako aukeratu dute.
Sarrerak bihartik aurrera erosi ahal izango dira, eta oro har, pelikula emango duten astearen aurreko asteazkenaz geroztik egongo dira salgai. Filma 18:00etan botako dute, baina ordubete aurretik txarteldegiak ireki eta kafea hartzeko aukera izango da, Niessen zinemen sarreran jarriko duten gunean. Filma ikusteko areto bat jarriko dute (bigarren handiena) eta 230 plazara mugatua egongo da. Ekimenak arrakasta izanez gero, areto handiago bat jartzeko aukera badagoela aurreratu dute.
Ehun lagun izena emanda
Erretiratuen talde bateko kide batek azaldu duenez, dagoeneko, bere taldean ehun lagunek eman dute izena. Izan ere, gomendatu dute ekimena ondo koordinatzeko elkarteetan zinemara joateko asmoa dutenekin zerrenda bat egiteko.
Jon Txaskok Gizarte Zerbitzuetako presidenteak eman ditu ekimenaren xehetasun gehiago eta hasiera batean, udazken-negu denboraldian zehar egingo dutela aurreratu du, nahiz eta baldintzen arabera, aukerak badauden udaberrian egiteko.
Horrez gain, ekimenaren helburua kultura hirugarren adinari hurbiltzea, eta euren artean harremanetarako espazio komunak sortzea dela azaldu du.
Filmak Niessen Zinemak-ek proposatuko dituela ere gaineratu du, baina erretiratuek ere euren nahien arabera, proposamenak egin eta negoziatzeko aukera dagoela.