Egoera ekonomikora egokitutako igoera izango dute Pasaiako zerga eta tasek
Pasaiak 2014an zerga eta tasen igoera izango du, baina %1,90ekoa. Gobernu taldearen proposamena hura zen, eta Pasaiako Ezkerraren hainbat ekarpen proposamen horretan txertatu ondoren, EH Bilduk eta Xabier Pomboren alderdiak bat egin zuten proposamena aurrera ateratzeko. PSE-EEk eta EAJk ere aurkeztu zizkioten gobernu taldearen proposamenari emendakinak, baina bozketa bidez bertan behera gelditu ziren. Gobernu taldeko kideek esan zuten egoera ekonomikora egokitutako igoera izan dela.
Jose Luis Sanz Ogasun zinegotziak herenegungo udalbatzarrean esan zuenez, 2014rako tasa berriekin 2012-2015 aldiko Plan Ekonomiko-Finantzarioa aurrera eramateko gaitasuna izango du udalak, eta aldi berean esan zuen tasa eta zerga horiekin gaitasun ekonomiko handiena dutenek zergen igoera handiagoa izango dutela. Gainera, zailtasun ekonomikoak izango dituzten familiek hobariak izaten jarraituko dutela nabarmendu zuen zinegotziak. Hala, %1,90ekoa igoera orokorra da, baina aspektu teknikoengatik salbuespenak izango dira.
Eta igoera orokor horren barruan ere sartzen dira zaborraren eta uraren gaineko zergak. Izan ere, aurretik akordioa zegoen horiek %15 igotzeko, baina horietan ere %1,90a aplikatuko da.
Mugen Batzordea berritu dute
Astearteko udalbatzarrean Pasaiako Mugen Batzorde Bereziaren partaideen izen-abizenak jakinarazi, eta onartu zituzten. Hainbat berritasun daude, tartean, udalerriko alkate izandako sei kide daudela. Honakoak dira partaide guztiak: Amaia Agirregabiria, Maider Ziganda, Izaskun Gomez, Juan Karlos Alduntzin, Bixen Itxaso, Roberto Lopez Etxezarreta, Jose Luis Goikoetxea, Joaquin Martinez, Nahikari Otermin, Jesus Garcia Garde, Jaime Santos, Xabier Pombo, Maria Garmendia, Miriam Cano, Juanba Berasategi, Javier Berzosa, Jose Manuel Crespo, Josetxo Dominguez, Angel Elortegi, Juan Intxausti, Mari Carmen Mogilnicki eta Jose Maria Ruiz.
Lau mozio landu zituzten ere herenegungo udalbatzarrean. Pasaiako Ezkerraren fracking-aren kontrakoa aurrera atera zen, PSE-EEren ospitaletako botiken ordainketa partekatuarena bezala. Bilduk epaiketa politikoen gainekoa aurkeztu, eta onartu egin zen, horren gainean EAJk eta Pasaiako Ezkerrak aurkeztu zituztenak bezala.