Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu trafikoan
Igandean Behobia Donostia lasterketa dela eta, Euskadi Etorbidea 10:00etatik 14:00etara itxiko dutela gogorarazi du Udaltzaingoak. Hori dela eta, ahal dela, denbora tarte horretan autorik ez hartzeko eta garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute. Edonola ere, Trintxerpe eta San Pedroko sarrera irteerak portutik egin ahal izango dira, handik bideratuko dutelako trafikoa.
Azkuene kaleko irteera itxi egingo dute, eta ondorioz, Azkueneko zein San Pedroko goiko aldera joateko, portutik sartu eta Marinelen Igoeratik bideratuko dute trafikoa.
Bestalde, Lasako aparkalekuko ibilgailuek lasterketa irauten duen bitartean bertatik ezingo dutela irten ohartarazi dute.
Autobusaren geltokiak, berriz, Escalerrillasen kokatuko dituzte eta gainerako geltokien zerbitzua bertan behera geratuko da.
Azkenik, agenteen aginduak errespetatzeko eskatu dute, Behobia Donostiari ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.