Olatz Altuna, herenegun, datuen berri ematen
Soziolingusitika Klusterrak iazko urrian egindako kaleko neurketaren arabera, Pasaian kaleko elkarrizketen %15 dira euskaraz. Hau da, klusterreko kideek udalerriko sei zonaldetan hamar orduz elkarrizketak entzun ondoren —egun ezberdinetan jaso zituzten datuak— 9.835 herritarren elkarrizketak entzun zituzten, eta horietatik 1.462k euskaraz hitz egin zuten, 8.249k gaztelaniaz, eta 124k beste hizkuntzetan. 1990ko hamarkan Pasaiako erabilerak beheranzko bidea izan zuen, %16tik %13ra jaitsi zelako; 2000ko hamarkadaren hasieran Pasaiako euskararen erabilera indizea %14 ingurukoa zen, 2003, 2006 eta 2009 urteetan egindako ikerketetan %17koa, eta esan bezala, 2012koa, %15koa. Beraz, aurreko hiru neurraldiekin alderatuta, euskararen kale erabilera jaitsi egin da herrian.
Udalerriko sei zonaldetan ibili ziren klusterreko ordezkariak neurketak egiten, herritarren elkarrizketak entzuten. Hala, euskara gehien entzun zuten eremua Donibane-Meipikoa izan zen (%35,2). Jarraian Donibaneko Gune Historikokoa (%29,1), ondoren San Pedroko Gune Historikokoa (%22,4), laugarrena Antxo izan zen (%17,3), eta euskara gutxien erabili zen eremuak Trintxerpe (%4,8) eta San Pedroko Pobladoko auzoa izan ziren (%2,3).
Adinaren arabera, haurrak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak Pasaian, horien elkarrizketen %30,4 izan zirelako euskaraz. Jarraian gazteak daude, %22,2ko erabilerarekin, eta helduak (%13,1) eta adinekoak (%5,4) dira euskara gutxien erabiltzen dutenak. Adinekoetan izan ezik, gainontzeko adin tarte guztietan egin du gora erabilerak. Alta solaskideen adinari begiratuta, bakarrik haurren arteko elkarrizketen %24,5 izan ziren euskaraz; haurren eta gurasoen artekoak gehiago izan ziren, %32,5, eta nagusiek euren artean hitz egiten zutenean, elkarrizketa horien %7,7 izan ziren euskaraz. Adin taldeen araberako bilakaerari dagokionez, 2001etik egunera arte adin talde guztietan erabilerak gora egin du, adinekoetan ezik. Dena den, kontuan hartzekoa da, azken hiru urteetan haur, heldu eta adinekoen erabilerak behera egin duela, eta gazteen erabilerak, aldiz, gorako joera hartu duela.
Eta sexuari dagokionez, emakumeek gehiago hitz egiten dute euskaraz gizonek baino, %16,1 emakumeek, 13,6 gizonek. Adin tarte guztietan dira gehiago emakumeak gizonak baino, adinekoetan izan ezik.
Ezagutza, eta espero daitekeena
Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko kideak eman zituen ondoko datuak astelehenean, Trintxerpeko alkateordetzan. Bertan Pasaiako euskalgintzako hainbat eragiletako ordezkariek jaso zuten datuen berri. Hala, aipatu zuen Pasaian euskaraz dakitenen kopurua %38koa dela, eta ia euskaldunena %28; erdal elebakarrak %34 dira. Hala, aipatu zuen, eta Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi-ren ikerketa batean oinarritutako formula baten bidez, zenbateko euskararen erabilera espero daitekeen lor daitekeela, eta Pasaiako zifra %10,an dagoela; hau da, euskara Pasaian espero daitekeena baino gehiago erabiltzen da.
Kontra, 1986tik 2011ra euskaldunen kopurua %23,1etik %38ra igo da Pasaian, baina klusterraren kale neurketaren arabera, erabileran ez da nabaritu alde hori. Alkateordetzan izan zirenek nabarmendu zuten euskararen normalizazioaren bidean gakoetakoa erabilera dela.