Hilaren 14an emango dituzte Irun Ekintzan sariak
Atzo bildu zen Ficoban enpresako berrikuntzari Irun Ekintzan Sariak emateko I. ekitaldiko epaimahaia. 25 proiektu berritzaile aurkeztu dira dauden hiru kategorietan: 5 urteko bizia duen enpresaren proiektu berritzailearen saria, 5 urtetik beherako enpresa proiektuaren saria eta, azkenik, enpresa ideia berritzailearen saria. Hilaren 14an banatuko dituzte sariak, Ficoban.
Ekimen horrek helbide soziala edo lantokia Irunen daukaten enpresen proiektu eta ideia berritzaileak baloratuko ditu. “Amore ematen ez duten, amets egiten duten, hobetu nahi duten eta beren ideiak kontatzen dituzten ekintzaileak eduki nahi dituzten pertsonak eta enpresak balioan jarri nahi dira, eta aukera eskaini nahi zaie, abian jarri den edo jarriko den proiektu bat garatzeko”, esan dute udaletik.
Enpresaren alorrean, hezkuntzan eta berrikuntzan esperientzia duten profesional ezagunek osatzen dute epaimahaia. Marisa Arriola Bic Berrilaneko gerentea, Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari nagusia, Txema Villate Innobasqueko zuzendari nagusia, Patxi Noblia Sokoako President du Conseil de Surveillance, Guillermo Dorronsoro IK4ko presidenteordea eta Deustuko Unibertsitateko Dekanoa, eta Lander Beloki Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzietako Fakultateko Dekanoa.