Errigora ekimenarekin bat egitera animatu nahi dituzte herritarrak
Errigora ekimenak Nafarroa hegoaldeko nekazaritza indartzea du helburu. Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainaren bidez eremu horretako produktuak salgai jarri dituzte. Eremu ez euskalduna izendatutako horretako euskalgintzari ere bultzada ekonomikoa eman nahi diote.
Oiartzunen herriko euskaltzaleek babesa eman diote kanpainari: herriko ikastetxeek, kirol eta bestelako elkarteek, Oiartzun Irratiak, Intxixu AEK euskaltegiak, EHE-Euskeran itotiyak eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak.
Kanpainan parte hartzeko Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskia jarri dute salgai. 50 euroren truke eskura daiteke saski hori. Saskia merkatuko prezio berean da, baina %25a euskarari bideratuko da. Herriko hainbat puntutan ikusgai dago saskia: Haurtzaro Ikastolan, Haurreskolan, Elizalde eskolan, kiroldegian, Iturri Berri elkartean, Girizia elkartean, Auzokalte elkartean, Oiartzungo udaletxean, Oiartzungo kirol elkartean eta Ttur-Tturren.
Eskaria egiteko azken eguna hilaren 14a da, aipatu leku horietan edota herriko beste hainbat elkartetan. Bi asteren buruan jasoko dute eskatzaileek saskia.
Dirua hiru proiektu zehatzetara
Bildutako dirua hiru proiektutara bideratuko dute: egoeran “larrian” den Lodosako ikastolara, Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenera eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera.
Ttur-Tturrek herriko euskaltzale guztiekin batera Nafarroa hegoaldeko nekazaritza eta euskara laguntzera animatu nahi ditu oiartzuarrak.