Torrea, Tello, Unsuain, Iraola eta Arruti Eskola Kirolaren aurkezpenean.
Martxan da Eskola Kirola egitasmoaren denboraldi berria Oarsoaldean, eta aurten Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezoko ikasleen %53k eman dute izena. Zehazki, 2.696 ikasletatik 1.420 ikasle dabiltza Eskola Kirolean; alegia, eskolaz kanpoko kirol egitasmoan. 8-12 urteko neska mutilei zuzenduta dago.
Gaur egin dute aurkezpena Errenteria-Oreretako udaletxean, eta bertan izan dira Pasaia, Oiartzun, Errenteria eta Lezoko kirol sailetako arduradunak, Migel Mari Torrea, Oihan Tello, Unai Unsuain eta Mikel Arruti (hurrenez hurren), eta Andoni Iraola Real Sociedad fundazioko presidentea.
Tellok eman du datuen berri, eta urtez urtez nesken parte hartzea handituz doala jakinarazi du. Aurten, ikasleen %35 direla esan du. 133 talde osatu dituztela gaineratu du, eta horien ardura 71 entrenatzailek hartu dutela.
Bestalde, eskola kirola jarduera erabat euskaraz izaten dela nabarmendu du.
Entrenatzaileak prestaketa
Real Sociedad fundazioa entrenatzaileak prestatzeaz arduratzen da. Iraolak argitu du Realaren asmoa ez dela futbola sustatzea, kirol aniztasuna baizik. Eskola Kirola egitasmoarengatik zoriondu ditu lau udalak, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du, kirola heziketaren parte delako. Zentzu horretan, egitasmo hori hiru printzipiotan oinarritu behar duela uste du Iraolak: unibertsala, anitza eta dibertigarria izatea.
Era berean, Eskola Kirola euskaraz izaten denez, euskara sustatzeko lana ere egiten duela gaineratu du.
Guztira, Gipuzkoako 26 ikastetxerekin sinatu du hitzarmena Realak, eta, eta 270 begirale formatu ditu.
1998tik martxan
Eskola Kirolak 15 urte bete ditu aurten. Orduz geroztik lau udalek egitasmoaren kalitatea hobetzeko lanean dabiltzala zehaztu dute: “Kirol eta euskara teknikarien lan mahai batek gidatzen du lan hori, Eskola Kiroleko koordinatzaileen bitartez, eta beraien lanari esker, entrenatzaileen prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera bermatzen da”.