Hondarribiak puntu batera du Ohorezko Mailako lidergoa
Hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen Ohorezko Mailako futbol taldeak larunbatean Hernanin (0-1), zortzigarren jardunaldiko partidan. Iaz denboraldi hasiera oso ona izan zuten Mikel Llorenteren mutilek baina aurten iazkoa hobetzen ari dira. Gainera, kontuan hartu behar da taldean aldaketa asko izan direla udan. Hernaniko garaipena eta gero, multzoko hirugarren tokian dira, hamabost punturekin bigarrenarekin berdinduta, eta Tolosa liderrak baino puntu bat gutxiagorekin.
Partida berezia izan zen larunbatekoa, Beñat Elzoren heriotza oso presente baitzuten entrenatzaile zein jokalariek. Llorentek aurretik esan zuen hiru puntuen bila joango zirela, Elzori eskaini nahi zizkiotela. Horren bila joan eta hori lortu zuten, garaipena, sailkapeneko goiko postuetan jarraitzeko balio diena.
Datorren asteburuan kanpoan jokatuko du berriro Hondarribiak, Lasarte-Orian, Ostadarren kontra. Sailkapeneko goiko postuetan dago Ostadar, seigarren, Hondarribiak baino puntu bat gutxiagorekin. Etxean jokatutako lau partidetatik hiru irabazi eta bestea berdindu dute lasartearrek. Berdeek, aldiz, la partida jokatu dituzte kanpoan, bi irabazi, beste bat berdindu eta bakarra galdu dutelarik.