Autodefentsa ikastaroetan izena eman daiteke
Hilaren 18tik 21era bitartean autodefentsa ikastaroak emango dituzte Galtzarabordako kiroldegian. Dohainik dira, eta emakumeei zuzenduta daude. Lau eguneko ikastaroa izango da, astelehenetik ostegunera, 20:00etatik eta 21:30era.
Helburua bakoitza bere buruarekin seguruago sentitzea dela aurreratu du ekimena antolatu duen Berdintasun Kontseiluak: “Ariketa praktikoen bidez, beren gorputzaren gaineko kontrola hartzen joango dira, eta beren indarrarekin konektatu ahal izango dute”. Gaineratu duenez, autodefentsarako teknika “erraz eta eraginkorrak” ikasiko dituzte, eta “horiekin kontzientzia eta praktika handiago izango dute abusu egoeren aurrean”.
Hala ere, maila fisikoa bakarrik ez dute landuko, baita psikologikoa ere. Berdintasun Kontseiluaren arabera, tailerrean erabilitako defentsa teknikak Wing Tsun arte martzialetan oinarritzen dira: “Sistema martzial horrek gorputz osa lantzen du, erreflexuak, azkartasuna…”. Oso eraginkorra dela gaineratu du, “aurkariaren indarra erabiltzen ikasten da haren kontra itzultzeko, eta oso erabilgarria da indar fisiko handirik ez duten pertsonentzat”.
16 urtetik gora emakumeei zuzenduta dago. Aldez aurretik izena eman behar da, eta beharrezkoa da Errenteria-Oreretan erroldatuta egotea. Horretarako, Galtzarabordako kiroldegira zuzendu behar da (943 44 96 90).