Txatarraren trafikoak igoera nabarmena izan du aurten
Iazko urrian baino 39.000 tona lehengai mugitu dituzte Pasaiako portuan aurtengoan. Hau da, 2013ko urrian, iazkoarekin alderatuz, %15,88 hazi da gaien trafikoa. Abuztuan eta irailean ere aurreko urteko hilabete horiekin konparatuz datu positiboak izan zituen azpiegiturak, hortaz, aurtengo trafikoen aurreikuspena —2,8 milioi tona denera— betetzear daudela esan dute portuko iturrietatik. Azken hiru hilabeteak positiboak izan arren, urteko lehen hamar hilabeteetako emaitza metatuak ez dio hori: iaz, urriaren bukaeran, denera 2,6 milioi tona mugitu ziren portuan, aurten, berriz, ia 2,3 milioi tona.
Portuak esan du urrian 83 ontzik erabili dutela portua, iazko urriko 74en aldean. Eta ikatzaren trafikoagatik ez balitz, trafikoaren igoera %30 inguruan legokeela esan du; iazko urriko 74 ontzietatik zazpik ekarri zuten Pasaiara ikatza. Eta ikatzaren trafiko ezak urtean zehar izan duen eraginari buruzko datua ere eman du Agintaritzak: ikatzaren trafikoa iaz eta aurten aparte utzita, jardueraren igoera metatua ia puntu batekoa litzateke. Izan ere, ikatzik jada ez da sartzen portura, Iberdrolaren zentral termikoak bere jarduera eten egin duelako.
Txatarra gehiago
Urtean gorakada handienetakoa izan duen trafikoa txatarrarena izan da. Aurten, azarora arte, 341.562 tona txarra mugitu dituzte portuan, iazko 292.000en aldean (+16,79). Eraikuntzako materialek ere igoera izan dute iazko lehen hamar hilabeteko datuekin alderatuta, %36,64koa (iaz 60.550 tona, aurten 82.738). Alta, siderurgia gaietan urriko datua positiboa izan arren (iazkotik ia %56 hazi da), urteko metatuan %5 jaitsi da: 2012an 950.158 tona, aurten 902.740).