Bacaladerako jokalari bat, defentsa gaindituz
Irabazteko partida zen, eta irabazi zuen. La Bacaladera Hondarribiak ez zuen gogoratzeko moduko partidarik egin baina El Pilar Carmelitas talde gasteiztarra erraz gainditu zuen larunbat arratsaldean Hondartza kiroldegian (32-23), Euskal Ligako bosgarren jardunaldiko partidan. Hondarribira sailkapeneko azken tokian etorri ziren gasteiztarrak eta partidako une batzuetan leku horretan zergatik dauden erakutsi zuten. Viki de la Hazak zuzentzen duen taldearena, aldiz, denboraldi hasiera ona ari da izaten eta goiko postuetan dago. Berdeak laugarren daude sailkapenean, zortzi punturekin dira, hirugarrenetik puntu bakarrera.
El Pilarren kontrako partidan hondarribiarrek huts asko egin zituzten, behartu gabeko baloi ugari galduz. Zazpi metroetatik ere ez zuten nahi adina asmatu. Nolanahi ere, atsedenaldira lau goleko errentarekin joan ziren (18-14).
Bigarren zatiko hasiera atzeratu zen, atsedenaldian bota zuen zaparradaren ondoren itoginak azaldu zirelako. Jokalariak urduri hasi zuten bigarren zatia. Hondarribiarrek huts asko egin zituzten erasoan eta defentsan ere hutsuneak uzten zituzten. Agian horregatik epaileen kontra protesta asko egin zituzten eta etxeko zenbait jokalari lanporatu zituzten.
Zazpi metroetatik ez ziren fin ibili
Gasteiztarrak hiru golera hurbildu ziren eta gehiago hurbiltzeko aukerak izan zituzten, baina La Bacaladerako atezainak partida bikain egin zuen, eta azkenean, kanpotarrek besoak jaitsi zituzten eta hori baliatu zuten etxekoek El Pilarren defentsa gainditzeko. Bigarren zatiko azken hamar minutuetan hondarribiarek behin eta berriz kolpatu zuten kanpotarren atea, ia beti erdialdetik. Partidaren hondarrean lortu zuen etxeko taldeak errenta handitzea, bederatzi goleko aldea izateraino.
Berriro liderrari bista
Heldu den asteburuan Usurbil liderraren kontra jokatuko du La Bacaladerak kanpoan. Hirugarren aldia da denboraldi honetan liderraren kontra jokatzen dutela, hirurak kanpoan. Aurreko bietan berdindu zuen Hondarribiko taldeak: hirugarren jardunaldian Soraluze zen multzoko buru eta 22na egin zuten. Bosgarrenean Amenabar zen lider, eta La Bacaladerak Zarautzen jokatutakoa 25na bukatu zen. Larunbatean Usurbilgo Oiardo kiroldegian jokatuko dute hondarribiarrek, 19:30ean.
Ucin Aluminio Usurbil taldea da Euskal Ligako lehen tokian, 12 punturekin, orain arteko sei partidak irabazita. La Bacaladera laugarren dago, zortzirekin, etxeko hiru partidak irabazi eta kanpoan jokatutako hiruetatik bi berdindu eta bestea galdu eta gero.
La Bacaladerako goleatzaileak: Jon Romo (3), Eneko Sagarzazu (7), Unai Tello (4), Iñigo Gomez (3), Mikel Vazquez (3), Erik Jimenez (39, Jon Berges (3) eta Andoni Ventura (6).