Hiriko eragileak, astelehenean, Bezeroen Arreta Zerbitzuaren atarian
Joan den asteko udalbatzarrean Irungo Udaleko zinegotziek Aldi Baterako Jardueren Ordenantza onartu zuen Irungo Udalbatzak, PSEren, PPren eta EAJren aldeko botoekin, EBren abstentzioarekin —ordenantza horretan EBren proposamen batzuk jaso zituzten— eta EH Bilduren kontrako botoarekin. Irungo hainbat eragile ordenantza horren kontra agertu dira, eta onarpenaren ondoren esan dute “parte hartzearen heriotza” gauzatu dela hirian.
Hori esateko eragileek argudiatu dute ordenantzarekin udalak erabaki dezakeela “zer den interes publikokoa, eta zer ez”, eta ahalmen horrek “zentsura politikorako bidea” zabaldu duela. Horrela, “benetako parte hartzearen alde” egingo dutela jakinarazi dute eragile horiek, “eta horrela egingo dugu banaka zein elkarrekin, ideologia eta helburu aski ezberdineko pertsona zein eragileak baikara. Indarren batura eta elkarlana funtsezkoa da”.
Ordenantza onartzerakoan udalak herriko eragileei ez diela jaramonik egin uste dute hainbat taldek, eta uste dute udal gobernuak parte hartzea “birtualki” ulertzen duela, “hiri birtualki parte hartzaile batetik hiri benetan parte hartzaile baterako aldaketa eman behar da”. Eragileek uste dute
“mezu elektroniko ez lotesleen bidez” eraman nahi duela udal gobernuak herritarren parte hartzearen bidea, eta eragileek aurretik egindako eskaerak kontuan ez hartzea horren alde doala, “udal gobernuak funtsezko edukia ezkutatu eta soilik interesatzen alderdia azaleratu nahi du. Horien harrokeriak, nagusikeriak eta despotismo demokratikoak hil du parte hartzea. Mezu elektroniko bat eta auzoetan egindako bilera pertsonalista eta paternalistak parte hartzea deitzen dituzte”.