Hotz behar du gaur ere, hor nonbait
Askotan galdegiten digute non geunden 2001eko irailaren 11n, edo non 2004ko martxoaren 11n. Nik gogoan dut non nintzen 1993ko irailaren 25ean eta irailaren 27an. Oso gogoan unibertsitatean hasi berri eta lehen ikasturteko lehen klasea jaso orduko kaleratu gineneko iraila hura. Gogoan unibertsitatetik bulebarrerainoko maniak. Gogoan kale istiluak. Gogoan Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsororen irudiak, biak ala biak aipatutako daten bezperan torturaz erailak.
Hotz egin behar du, hotz handia gorputz barruan, behin eta berriro, etenik gabe, jipoitzen zaituzten bitartean, poltsa jarri edo bainuontzian burua sartzen dizutenean, mehatxuak eta sexu umiliazioak jasanaraztera behartzen dizutenean. Hotza polizia-etxeetako zorua, indarrez, eskuak bizkar atzean estuki lotuta, begiak itxita eta biluzik pasilloetan barrena, gela batetik bestera eramaten zaituztenean. Sekulako hotza gorputz barruan kanpoaldetik larru-azala inoiz baino goriagoa, ubelduagoa duzunean; min jasan ezinaren hotza, bortxaren hotza, arimak gorputzetik alde egiten dueneko une hotza. Hotza, argi zuri bat eta azkenerako iluntasuna. Hotza tentsiorik gabeko gorpuan, amore emanda, guztiz abandonatuta, betirako itzaltzen doan gorpuan.
Eta bizirik ateratzekotan, hotz egiten jarraituko du luzaroan gorputz barruan. Jada ez dira lehengo berak, beren gorputza eta arima ez dira bat izango, bizirik egongo dira, bai, baina arima zauritua izango dute edo hila betirako. Eta ez omen dago heriotza latzagorik arima hilik duzula bizitzea baino.
Nik hala imajinatzen dut. Ez baitut nire pertsonan sentitu, bizi, baina bai besteengandik irakurri, entzun eta nire buruan imajinatu. 10.000 euskal herritar inguruk jasan izan duten neurririk gabeko amets gaizto erreala. Epaileen ustezko ardurapean, auzi medikuen ustezko osasun babespean, ustez herriaren zerbitzura eta herritarren eskubideen babeserako dauden profesionalen eskutik jasandako milaka eta milaka bortxa. Estatu terrorismoa.
Latza. Gertaeraren berri izan orduko gorputz azalean hotzikara eragiten duena. Patrola edota uniforme berde ilun bat ikusi orduko geure buruak automatikoki imajinatzen duena. Bortxa emozionala, mentala. Akojonantea. Entzun eta imajinatu izanaren poderioz betirako buruan iltzatuta geratu diren irudiak eta sentsazioak.
Hotz behar du inkomunikazioaren tunel beltzean indarrez bortxatua eta torturatua izan den emakumearen gorputz barruan. Jasan ezina zaion sentimenduagatik une horretan hilda egotea nahiko lukeen emakumearen gorputz bortxatuan. Emakume izanagatik, egungo gizartearen gaitz nagusietakoa den indarkeria matxistaren beste adierazpen bat bezala, modu bereziki nazkagarrian baliogabetua izan denaren larruazalean.
Hotz handia biktimaren etxeko lau pareten barruan. Behartutako isiltasuna soilik amorruzko oihu ito lazgarri batek apurtuko duen etxearen barruan.
Egundaino etenik ez duten bortxak. Azken asteetan ere Madrilgo inkisizioaren aurrean, eta torturatzaileak ondoko gelan zituztela, epaituak izan diren gazteen ahotik entzun ditugun testigantza latzak.
Inkomunikazioarekin amaitzen ez den bitartean, atxilotuaren aldeko prebentzio neurriak hartzen ez diren bitartean, gizartean sentsibilizazio, prebentzio eta hezkuntza arloko ekimenak eta jardunak bultzatzen ez diren bitartean, ekintza hauek guztiak salatzen ez diren bitartean, egiazko borondatearekin borrokatzen ez den bitartean, gaur ez bada bihar berriz ere gertatuko diren bortxak hauek denak.