Erretiratuak 'busti' dira
http://www.youtube.com/watch?v=EVan2gAV8hw&feature=youtu.be
Erretiratu eta pentsiodunek elkarretaratzea egin dute Errenteria-Oreretan, kopagoa eta erreforma salatzeko, Duintasuna erretiratuen elkarteak antolatuta. Duintasunak bat egin du Oarso Taldeak antolatutako Suminduen Egunarekin.
Gaur hasi dira Suminduen Astearekin lotutako lehenengo ekitaldiak. Krisiaren ondorioak salatzeko astearekin bat egin du Duintasuna erretiratu eta pentsiodunen elkarteak, eta gaur, eguraldia lagun izan ez duten arren, kalera atera dira euren sumina erakustera.
Goizeko hamaiketan bildu dira Herriko Plazan, eta Duintasunak azken asteetan izandako mugimenduen berri eman du. Hala, protestekin beste hiru elkartek bat egin dutela jakinarazi dute: Oiartzungo zaharren egoitzak, eta Trintxerpe eta San Pedroko erretiratuen elkarteek. Dagoeneko, Errenteria-Oreretako elkarte guztiek egin dute bat, baita Gabierrotakoak ere. Oarsoaldea mailan Lezoko Aiton Bordak ere aurretik babesa erakutsi zion, baita Amalatz talde feministak eta Bilgune Feministak ere.
Horrez gain, Duintasunak aurkeztutako idatziak joan den astearteko udalbatzarrean izandako babesaren berri eman dute, eta Oiartzun, Lezo eta Pasaiako ordezkariei euren udaletxeetan ere antzeko idatzi bat aurkeztera animatu dituzte. Azkenik, Gipuzkoa mailan mobilizazio bateratu bat egitearen alde dauden galdetu diete partaideek, eta gehienek aldeko jarrera erakutsi dute.
Ondoren, erdialdeko kaleetan barrena manifestazioa egin dute. Geldialdia Reina aretoan egin dute, eta han, kopagoaren nondik norakoak azaldu dituzte. Hitzaldiaren bukaeran partaideek galderak egin eta euren hausnarketa egiteko aukera izan dute.