Joxe Iriarte, Bikila (GOT): Geureari eutsi, krisiari aurre egin
Bost urte dira krisian sartu ginela eta gure gizarteko sektore gehienek gupidarik gabe jasaten ditugu bere eraginak, bereziki babes gutxien dutenak, langileak, etorkinak, pentsionistak, gazteak eta, batez ere, emakumeak.
Gobernuek milioika miloi euro bideratu dituzte bankuentzat, kreditua produkzio sektoreetara bideratzeko aitzakiarekin. Beste hainbat miloi euro eraikuntzako enpresetara, enpresa handietara eta abarretara iritsi ziren, hau da, adreiluaren politikarekin aberastu ziren haiengana.
Horren ondorioz, Espainiako Estatuan nahiz Euskal Herrian, aurrekaririk gabeko murrizketa dinamika ekarri digu, hala nola, osasungintzan, hezkuntzan, pentsiotan, kulturan, enpleguan, laneko eskubideetan, eta are gehiago eskubide demokratikoetan. Halaber, jende ugariaren langabezia, milaka desjabetze, pobreziaren sekulako hazkundea, enpresak ixtea, denda txikiak, etab.
Halako errealitatea gero eta gordinago bizi dugu Oarsoaldea eskualdean. Langabetuak 6000tik gora dira, desjabetzeak dozenaka, 100etik gora dira enpresak eta tailerrak itxi eta langileak kanporatu dituztenak, beste asko EREren eta soldatak igo gabe dituzte duela hainbat urte, ezin dira kontatu pertsiana itxi duten denda txikiak eta ertainak, etab.
Errealitate gordin horren aurrean etsitzen denak, amore ematen duenak, jai du! Ez da diru arazoa. Borondate kontua da, lehentasunak errotik aldatzeko. Beste gizarte eredu bat izan dezakegu, berdintasunezko gizartea, garapen iraunkorrekoa, enplegua eta gizarte aberastasuna sortzeko.
Ezin da ezer egin! Prediku ustel hori baztertu egin behar dugu. Horregatik, GOT-en antolatzen garen kolektibo eta pertsonek azaroaren 4tik borroka eta alternatiba lantzeko astea antolatu dugu.