Lan polikromatuen zein urreztatuen adibideak ikus daitezke erakusketan
Egurra polikromatzeko Erdi Aroan erabiltzen zituzten teknikak ikasteko tailerra egingo dute astelehenetik hasita Zuloaga Etxean. Hilaren 4, 6, 11 eta 13an egingo dute, 16:00etatik 21:00etara. Kultur Ondareen mantentze eta zaharberritze lanetan adituak diren Yasmina Prada eta Iosu Salegik eskainiko dute tailerra. Adar Aroztegiko kideak dira eta, azaldu dutenez, tenple teknikarekin margotzen irakatsiko dute, arrautzarekin zein kolarekin: “Ikastaro praktikoa izango da eta ikasleak Erdi Aroan bezala polikromatzen ikasiko du. Material guztiak utziko zaizkio”.
Tailerrari lotuta,
Ahazturiko artisau teknikak, egurretik Erdi Aroko margora erakusketa bisitatu daiteke hilaren 17ra arte, Arma Plaza Interpretazio Zentroko goiko solairuan. Erakusketa txikia da, baina txukuna eta oso interesgarrria. Bisitariak erraz ikas dezake Erdi Aroan artelanak eta arte lan ez ziren bestelako egurrezko lanak margoztatzen zituztenek nola egiten zuten lan.
Garai hartan egurrezko lanak gremioka banatzen ziren eta hiru lanbidek hartzen duten parte: eskulturgileak, margolariak eta urreztatzaileak. Bakoitzak bere tailerrean egiten zuen lan eta berean aditua zen, baina besteen lanetan ez. Lanbide arruntak ziren, ez artistak, baizik eta “egileak”. Maisu handienek baino ez zituzten euren lanak sinatzen.
Adarrekoek sorturiko lanetako batzuk
Erabiltzen ziren egur moten berri ere ematen du Arma Plazako erakusketak. Euskal Herrian zeintzuk erabiltzen ziren eta lan bakoitzerako egokiena zein zen ere aipatzen da. Baina erakusketaren xedea egurrezko lan horiek nola margotzen ziren erakustea da eta, hori ere, oso txukun azaltzen du. Margotu aurretik egurra prestatzen zuten, porositateak eta mugimendu estrukturalek margoan eragitea ekiditeko. Hala, lehenengo
inprimazio geruza bat ematen zioten egurrari, horren gainean
prestakina jartzen zen eta, hirugarrenik,
geruza piktorikoa ezartzen zioten. Lana polikromatua bazen, margolariak egiten zuen, baina urreztatua edo esgrafiatua bazen, orduan urreztatzailearen ardura zen egurrezko altzaria edo ikurra burutzea.
Adar Aroztegiak antolatu ditu
Ahazturiko artisau teknikak, egurretik Erdi Aroko margora goiburuko erakusketa nahiz Erdi Aroko teknika piktorikoak lantzeko ikastaroa. Egurrean eta polikromian adituak dira Adarren eta altzari zaharrak nahiz Ondare Kulturala zaharberritzen lan egiten dute. Arma Plazako erakusketan, beraiek sorturiko altzari batzuk ikus daitezke, garai bateko tekniketan eta diseinuetan oinarritutakoak.