Felipe IV.a Espainiako erregea da Aguila Roja telesailean. Ez zuen aktore izateko ikasketarik egin baina ezin du bestela bizi. Hilaren 25ean hasiko dira hurrengo denboraldia errodatzen.
Azken urteotan telebistan ikusten dugu, Espainiako telebista publikoko La1 katean ematen duten
Aguila Roja telesailean. Xabier Elorriaga aktoreak (Maracaibo, Venezuela, 1944) pantaila txikirako egindako lan zerrenda luzearen azkena da hori. Zineman ere ez da gutxitan aritu.
Beretzat «errodatzea» da bere lanbidea, eta ihes egiten du inguruko guztitik, publizitatetik, sare sozialetatik… Horregatik gutxik dakite 11 urterekin Agirre Lehendakaria ezagutu zuela, ingeniaritza eta zuzenbidea ikasten hasi baina ikasketa horiek utzi eta kazetari egin zela, Salvador Allenderen azken hauteskundeak landu zituela Txilen, Euskal Telebistako lehen zuzendaria izateko eskaintza jaso zuela… eta, kasualitatez egin zela aktore.
Xabier, Elorriaga edo Gonzalez Elorriaga?
Nire NANean Elorriaga jartzen du. Xabier Gonzalez Zulaika Elorriaga bezala jaio nintzen. Hemen nintzela nazionalizatu nintzen, 81ean edo 82an. Ordura arte erresidentzia txartela izan nuen hainbat urtez, automatikoki urtero berritzen zidatena. Fakultatean lan finkoa nuen eta aktore nintzela ere ez nuen nazionalizatzeko beharrik. Baina gero gogortu egin ziren gauzak eta erosoagoa izan zen egitea. Elorriaga nire amaren omenez jarri nuen, lau urte nituela hil zen, eta gainera errazagoa zen, mundu guztiarentzat Elorriaga nintzelako.
Maracaibon jaioa, euskal iheslarien semea.
Bai, ama Algortakoa zen eta aita Areetakoa. Ama familia abertzalekoa zen eta aitona, amaren aita, Agirreren [Jose Antonio, Lehendakaria] alkateordea izan zen Getxon. Txilen bizi ginela, Agirrek Txile bisitatu zuen. Hamaika urte nituen nik, eta argazkiak egin nituen berarekin Valparaisoko Euskal Etxean. Ama asko ezagutzen zuen Agirrek.
Venezuelan jaio baina hazi, Txilen hazi zinen.
Lau urte nituenean ama hil zen eta aita eta biok Txilera joan ginen, amaren ahizpa batekin, gero aitarekin ezkondu zena. Han bizitza berria hasi genuen eta aukeraketa ona izan zen, Txile herrialde bikaina zelako. Gero, gertatu zenaren ondoren, bikaina izateari utzi zion, baina gu iritsi ginenean hala zen.
Txilen hasi nintzen ingeniaritza ikasten. Teknikan eta mekanikan iaioa izan naiz txikitatik eta teknikoa izan nahi nuen. Hamazazpi urterekin irrati txiki bat sortu nuen. Baina etxean ingeniaria izatea nahi zuten. Lehen urtea ez zitzaidan bat ere gustatu eta zuzenbidera pasatu nintzen. Urte hartan, egun batean, aita plano batzuekin etorri zen etxera, eta Euskal Herrira itzuliko ginela zirudien. Ni aurretik etorriko nintzela erabaki genuen eta Deustura etorri nintzen zuzenbide ikasketekin jarraitzeko. Baina ni izan nintzen itzuli zen bakarra. Nire aita Txilen hil zen, baita bigarren ama ere. Anaia AEBra joan zen, arreba Venezuelara…
Nola amaitu zenuen Hondarribian?
Ez nuen karrera amaitu eta Bartzelonara joan nintzen. Kazetaritza ikasketak egin nituen han, titulua lortu eta kazetari bezala hasi nintzen lanean, nazioarteko atalean. Hainbat aldiz joan nintzen Amerika Latinora, korrespontsal bezala. Gainera, Informazio Teknologia ikasgaiko klaseak ematen hasi nintzen Fakultatean. Telebista eta irratiko informatiboak lantzen ziren ikasgai horretan eta departamentuko koordinatzailea nintzela, hitzaldi batzuek antolatu nituen Miró Fundazioan, etorriko ziren telebista autonomikoei buruzkoa.
Euskal Herritik bi pertsona joan ziren hitzaldietara, Iñaki Behobide eta Javier Aranburu. Nik Behobide ezagutzen nuen, Kriselu antzerki taldearen garaitik. Hitzaldi horien harira, Euskal Telebistan hasiko ziren esatari eta aurkezleen formazioa egiteko deitu zidaten, baina nahi zutena beste gauza bat zen, telebistako zuzendaritza eskaintzea. Etorri nintzen, eta bikoizketa ikastaroak hasi nituen Behobiderekin. Orduan eskaini zidaten zuzendaritza, eta onartu nuen, baina hiru hilabetera atzera egin nuen, lanpostu horrek behar zuena baino gutxiago ezagutzen nuelako Euskal Herria. Ezetz esan nuenerako erosia nuen etxea Hondarribian, soldata bat izango nuela uste nuelako. Gero telebista utzi nuen, baina gutxira
Segoviako Ihesa etorri zen eta pisua ordaintzeko moduan izan nintzen.
Ama familia abertzalekoa zen eta aitona Agirreren alkateordea izan zen
Venezuelatik Hondarribirainoko bidai horretan zein geltokitan hasi zinen aktore izaten?
Kasualitatez izan zen. Kriselun ez nintzen inoiz aktore izan, zerbaitetan laguntzen nuen baina ez aktore lanetan. Bartzelonan bizi nintzen garaian, RAIren ikastaro bat egin nuen Erroman. Bertan, kameraren erabilera, gidoiak, informatiboak eta abarrez aparte, fikziozko gidoi bat prestatzeko lan praktiko bat egin behar genuen eta RAIk aktoreak jartzen zizkigun filmatzeko. Brasilgo ikaskide batek bazekien 1973. urtean Allenderen azken hauteskundeak jasotzen izan nintzela. Ikaskidearen gidoiko pertsonaia errefuxiatu bat zen, bere neskalaguna torturatu eta kartzelan hil zutena, eta ni aukeratu ninduen aktore bezala. Hori izan zen nire lehen esperientzia aktore bezala. Nik aktore izan nahi nuen, baina ez nion inori esan, ez nuelako modurik ikusten.
Gero, prozesua luzea da, baina
La ciutat cremada filmean sartu nintzen, bigarren pertsonai bezala. Azkenean ez zuten pertsonai nagusia lortu eta ni hautatu ninduten. CECen (Circulo de Escritores Cinematograficos) saria eman zidaten eta filmak imajina ezinezko arrakasta izan zuen Katalunian. 1975 urtean errodatu zuten baina Franco hil arte ezin izan zuten estreinatu. Erokeria izan zen jendearen erantzuna.
Orduan hasi zenuen ibilbidea aktore katalan bezala…
Bai, bai, Euskal Herrira etorri arte aktore katalana nintzen, Katalunian adoptatu ninduten. Katalanez hitz egin, ikasketak eman, Kataluniako kultura berritzeko mugimenduaren barruan nintzen… Katalana sentitzen nintzen, asko maite dut herrialde hori eta faltan botatzen dut askotan.
Ostegunero Aguila Roja telesailan ikusten zaitugu. Gustura al zaude telesailean?
Bai, azaroaren 25ean hasiko gara hamahiru atal berri errodatzen. Asko dibertitzen nau. Ez dut inoiz
Aguila Roja ikusten, eta ez dut uste nik ikusteko moduko telesaila denik, ez ezergatik, baina lau milioi eta erdi pertsonek ikusten dute; zerbait izango du, hortaz. Gidoiak bikainak dira, hain sinesteko zailak, hain anakronikoak, eta nik uste hori izan dela arrakastaren arrazoia, puristak hainbeste haserretu dituena.
Isabel telesaila fidela izango da, baina jendeak ondo pasatzen du
Aguila Roja ikusten, ‘jazarpenaz’ aritzen direnean, esamolde hori garai hartan existitzen ez zenean… atalen batean norbaitek telefono mugikorra ateratzea bakarrik falta da!
Hizkeran oso gertukoa da, egungo esamoldeak baliatzen dituelako eta jendeak esaten du, ‘nola da posible hauek hau esatea?’. Horrek umorea ematen dio, dibertitzeko komikia bezalakoa da. Nire pertsonaiak Egidorekin [Jose Angel, Mendoza kardinala interpretatzen duena] duen harremanak asko dibertitzen nau, hain da absurdoa.
Ez zaitut jubilatu nahi, baina ez da lan txarra karrera bat bukatzeko modua, errege bezala bukatzea.
Sinestezina da gauden krisi hain bortitzean paper hori lortu izana. Aktoreen langabezia estazionala %80koa izaten da normalean, baina inoiz ez da izan egungoa bezain bestekoa. Aktore asko ari dira oso-oso gaizki pasatzen. Lanean ari zirenez ari naiz. Eta normalean, adin batetik aurrera ez dizkizute paper garrantzitsuak eskaintzen, ezta Fernan Gomez bazara ere. Ez dago aktore nagusientzako pelikkularik, zuzendari gehienak gazteak direlako beharbada, eta pelikulak gazteei zuzenduta daudelako, beraiek direlako kontsumitzen dituztenak. Eta honelako krisi garaian eman didaten papera ematea eta funtzionatu duen bezala funtzionatzea, hori zoria da. Hogeita hamar urte daramat honetan eta ezagutzen ditut pelikula onetan oso lan onak egin dituztenak, baina ez dutenak funtzionatu, ez dituztelako ondo erakutsi. Eta aukerarik gabe geratu ziren.
Horrelako telesailen unea ere bada, ez?
Aguila Roja-ren ondoren
Isabel etorri zen, eta beste batzuk. Bai, baina
Aguila Roja izan zen aitzindaria, filma, telesaila baino lehenago errodatu zena. Telesail historikoen artean lehena izan zen, gero etorri ziren
Numancia, beste bat piratei buruzkoa… Bost edo sei telesail etorri dira, baina
Aguila Roja izan zen lehendabizikoa.
Numancia ez zen gaizki ibili baina orain arte hoberen funtzionatu duena
Aguila Roja izan da.
Lau milioitik gora ikusle ditu.
Espainian egindako telesailak egonkortu egin dira. Globomediak lortu zuen hori, berak ekarri zuen formula hori:
Los Serrano,
Médico de familia… Horrek aldaketa ekarri zuen. Venezuelako kulebroiak desagertu ziren orduan eta estatuko telesailek hartu dute haien lekua. Espainian egindako fikzioa egonkortu egin da, baina gertatzen dena zera da, diru gutxi dagoela.
Krisi garaian eman didaten papera eman eta funtzionatzea, hori zoria da
Aguila Roja-k ez dauka zer ikusirik azken urteetan lan egin duzun beste telesail batzuekin, El Comisario, Hospital Central… Errodatzeko modua asko aldatu al da zuretzat?
Niri platoan lan egitea tokatu zait gehiago.
El Comisario seriean asko errodatzen zen kanpoan, baina nire pertsonaiari komisarian edo etxean egotea tokatzen zitzaion uneetan. Eta
Hospital Central-en ere platoan errodatzen nuen. Normalean hala izaten da, baina
Aguila Roja-n ez. Batzuetan ez da erosoa, jantzi horiekin udan egosi egiten zarelako, baina dibertigarria da. Hori da frantsesek jouer deitzen dutena, aktore izatea jolastea da, ez da esaldi hutsa, jolastetik asko du aktore lanak, eta horretan bai da desberdina telesail hau.
Telesailak 260.000 jarraitzaile ditu Facebooken. Zu al zara bat?
A, ez. Ez dakit zer den Facebook… badakit zer den, baina ezertarako ere ez nago barruan. Ez dakit ona den ala ez, beharbada oso ‘naif’ eman dezaket, baina egia da esaten dizudana, hortik erabat kanpora nago. Baditut inguruan Facebook orriak dituzten aktoreak, baina ez dakit ona den.
Interes ezagatik?
Ez, lanagatik. Nire lanean gehien interesatzen zaidana, interesatzen zaidan bakarra dela ez esatearren, lan egitea da. Inoiz ez dut landu lanbidearen inguruan dagoen hori guztia, ez naiz gai izan egiteko. Lanik gabe zaudenean estreinaldietara eta sarietara joaten zara, eta batzuetan gertatzen da norbaitek zu ikusi eta zutaz gogoratzea. Baina aspaldiko urteetan nirekin lan egin dutenak berriro ikusteko modu bakarra delako joaten naiz ni horrelakoetara. Eta gero eta gutxiago dira aurkitzen dituzunak, ez hiltzen direlako, joateari utzi diotelako baizik, nekatuta daudelako. Beti saiatu izan naiz publizitatetik ihes egiten. Ez da xumetasunari lotutako zerbait, ez da hori, ez zaidalako gustatzen baizik, horregatik da. Eta gainera beti pentsatu dut alferrikakoa dela, lan egingo baduzu lan egingo duzu, eta egingo ez baduzu, ba ez.
Milioika dira egunero telebista jarraitzen dutenak, gutxi zinemara doazenak. Telebistaren urrezko garaia da edo zinemak hondoa jo du?
Nik nahiago dut zinema, baina jendea ez doa aretoetara. Pantailak aldatu dira, jendea etxean dago telebistarekin, ordenagailutik gauzak jaitsi ditzake ordainduta edo debalde. Industriarentzat arazo handia da, zinemara joatea ez da erosoa… Ohitura galdu da eta gazteak baino ez dira joaten; gazteentzako gizarte ekintza bat bilakatu da zinema. Distribuzioa ere aldatu da eta ia merkataritza guneetan bakarrik daude aretoak, ez da erraza. Gainera, funtzionatzen duen zinema bakarra gazteei zuzendutakoa da. Pelikula onak egiten dira baina hemen ez dago erakutsiko dituenik, bertako banatzaileek pantaila gutxi dituztelako. Arlo hori erabat kolonizatuta dago eta AEBko multinazionalen esku daude pantaila gehienak.
Aktore bezala zinema egiten egon zara gusturago?
Orokorrean hobeto egoten zara zinema egiten. Beno, orain aurrekontuengatik arazo bat baino gehiago dago, baina ekoizle handien garaietan, Querejeta eta horrelakoekin, askoz hobea zen zinea egitea. Zinean, plano gehiago daude, gehiago zaintzen da argia, gidoiak landuagoak daude, pertsonaiak osatuagoak… Telesailek gidoi errazak behar dituzte, oso errepikatuak… Teorian zinema patxadatsuagoa da, baina baita frenetikoagoa ere, une txarrak igarotzen dituzu argi aldaketagatik, kostuengatik, ekipoen trasladoengatik… Beste intentsitate bat du.
Eta, aktore dramatikoa zara komediakoa baino gehiago?
Bai, baina nik badakit komediante-etorria dudala, eta kontrastatuta daukat.
Fotogramas aldizkarian behin azalean atera nintzen izenburu honekin, “niri, komedia”,
Hic digitur dei goiburuko film laburra egin nuelako. Bertan Villaverdeko Marquesa nintzen, Francori ebakuntza egin ziotenean; satira zen. Nik badakit komediante-etorria dudala. Oso ondo pasatzen dut
Aguila Roja-ko filmazioko entseguetan, errodatu behar dugun sekuentziaren bertsio komikoa egiten Egidorekin. Filmaketa taldekoek barre asko egiten dute, lehertzeraino.
Zure buruari sari bat eman beharko bazenio, zein lanengatik izango litzateke?
Ez dakit [pentsakor]. CECekoek eman zidatena, agian,
La ciutat cremada filmekoa. Inongo esperientziarik gabe egin nuen filma hura, urtebete eman nuen nire pertsonaia lantzen eta denen gidoiak ikasi nituen. Itxuraz jende askori gustatu zitzaion nire lana, eta horri esker Chavarrik deitu zidan
A un dios desconocido egiteko, baita Saurak ere
Los ojos vendados-erako. Bai, lan hari emango nioke saria, Josep Rosich pertsonaiaren lanari.
Norbera da bere lan tresna eta lana uztea, bere burua erabiltzeari uztea da
Eta oraindik interpretatu ez duzun eta nahiko zenukeen hori, zein da?
Pertsonai apurtuago bat egingo nuke. Gauza bategatik edo besteagatik, ematen dizkidaten paperak intelektualenak, autoritatea dutenenak edo,
Tesis filmean bezala, gaiztoenak izaten dira. Pertsonai apurtuago bat, polizia zahar bat egingo nuke gustura, Ameriketako aktore bikainek egin izan dituztenak bezalakoak, Jeff Bridgesek eta horrelakoek. Pertsonaiaren alde gehiago lantzea eskatzen duen paper bat. Gaiztoak ondo daude, baina galtzaileak askoz hobeto, ñabardura gehiago dituztelako, psikologikoki konplexuagoak direlako.
Aktore batek noiz uzten dio aktore izateari?
Ezin da, ez bada behartuta. Aktore batek lan egiten ez duenean bere osotasuna gelditzen da, bera osoa delako bere lan tresna, ahotsa, mugimenduak, sentimenduak, osotasuna. Horregatik, lan egiten duenean zoragarria da, bera izateari uzten diolako. Badira lanbidea utzi egin dutenak eta beste zerbaitetan ari direnak, baina ziur faltan botako dutela sentsazio hori. Norbera da bere lan tresna eta lana uztea, bere burua erabiltzeari uztea da.
Urri bukaeran gaude eta telebistan hasi dira Gabonetako iragarkiak. Olentzerori zer eskatuko diozun ba al dakizu?
Denbora asko daramat gauza bera eskatzen. Nabilen lanean beste urtebete edo bi jarraitzea, orain bertan sinatuko nuke hori. Lan hau bukatzen zaidanean zailagoa izango da hurrengoa aurkitzea. Oso gustura nago.
Kazetaria zara.
Bai.
Egingo al duzu zuk azken galdera?
[Barre egin du] Bale.
Hor doa: Beti disfrutatu izan duzu zure lanbideaz?
Bai, beti. Pelikula batzuetan oso une txarrak pasatu ditut. Adibidez, zuzendariak zure iritzia eskatzen dizunean eta gero kasurik egiten ez dizunean; azkar ikasten duzu ez dutela zure iritzia entzun nahi, eskatuta ere. Edo zure ondoan protagonista bezala aktore-aktoresa jakin bat izango duzula jakin eta papera prestatu eta gero aldatzen dizutenean. Edo pertsonaia interpretatzeko edo zurekin batera lan egiteko egokia ez den beste bat jartzen dutenean, eta errodatzen hasi baino hiru egun lehenago jakiten duzunean. Edo zu zarenean aldatzen dutena. Sekuentzia bat bezperan aldatzen dizutenean ere latza da, edo filmeko sekuentzia garrantzitsuena hasieran beharrean filmazioaren azken unean egiten denean, jendea nekatuta dagoenean, argiarekin arazoak hasten direnean.
Ikasten gehien kostatzen dena, pazientzia edukitzen baino gehiago kostatzen dena, dena dela, zera ulertzea da, zineman zerbaitek eraso egiten dizunean, ez dela zuri egindako erasoa. Askotan gertatuko da taldeko guztiek gaizki pasatzea, eta norbaitek zuri eraso egitea. Baina berari ere beste norbaitek egingo dio eraso, eta zuk ere norbait erasotuko duzu. Inork ezin du izorratu duen horren kontra egin, denen kontra egitea litzatekeelako. Ez da ezer pertsonala, eta hori ikastea eta barneratzea ez da erraza, denbora behar da.
Baina bai, hori horrela izanda ere, beti disfrutatu dut. Galdetzen didatenean zein den munduko hitz politena niretzat, gehien gustatzen zaidana “akzioa” dela esaten dut, eta benetan esaten dut. “Prest” entzuten dudanean ziztu-bizian kontzentratzeko gaitasuna dut.
“Espainiako Estatuan jendeak ez du kulturan sinisten, ez dute kultura maite”
Espainiako antzezleen AISGE elkarteak kaleratzen duen Actua aldizkariko koordinatzailea da Xabier Elorriaga. Elkarteko kide bezala, larrituta dago Madrilgo gobernuak kultura arloan hartutako neurriengatik eta Frantziara begiratzeko eskatzen du.
Arantxa Urretabizkaia idazlearekin bizi zara.
Bai, izatezko bikote gara eta seme bat dugu elkarrekin, Mikel.
Etxean zertaz hitz egiten da gehiago, filmez edo liburuez?
Mikelek zinema asko maite du eta asko hitz egiten dugu berarekin zinemaz. Filmaren bat ikusten ari denean nik kaka ematen diot gidoia dela, interpretatzeko modua dela, ezin dudalako saihestu. Berak pelikula lasai ikusten uzteko esaten dit baina hortik hartu du zerbait, gidoiaz interesa hartzen ikasi du… baina ez pentsa gehiegi hitz egiten dugunik ez filmez, ezta liburuez ere. Hori bai, nire pelikularik ez du ikusten, eta bere amarekin zerikusia duen ezer ere ez.
Lana etxera eramaten al duzue, konpartitzen al duzue?
Literatura eta zinema oso mundu bananduak dira. Ni berarengandik gertuago nago, ni ere kazetaria naizelako Arantxa bezala, eta idazten dudalako, eta politika asko interesatzen zait, kanpokoa eta hemengoa. Baina nik irakurtzen dudana erabiltzeko literatura da, soziologia, ekonomia… fikzioa baino gehiago. Nik berari egiten diot iruzkinen bat edo beste, eskatu gabe beti, baina aktore mundua beretzat urruti dago. Aktorearen lanaz oso zaila da aktore ez den norbaitekin hitz egitea, oso espezifikoa delako.
Zure telefonoak jo du. Espainiako Kultura Ministroa da. Zinemaren BEZa igotzea pentsatu duela eta zure iritzia entzun nahi duela dio.
Oraingoa baino gehiago igotzea? Ba zera esango nioke, BEZa igotzen diru gehiago galduko duela jaisten baino. BEZa igotzeko arrazoia diru gehiago biltzea bada gezurti hutsa da, benetako arrazoia beste bat da, zinemaren industriari egindako logikarik gabeko erasoa. Hori esango nioke, baina ez dakit erantzungo ote nion.
Ba berriro deitu dizu. Zine aretoei legez estatuan ekoitzitako gutxieneko portzentaje bat programatzeko agindua ezartzea pentsatu du.
Beste batzuei eskatu beharko die hori. Programatzaileek nahiko lan dute dutenarekin, jendea ez baita joaten zinera. Hori bai, zinemaren legea egiteko eskatuko nioke eta bertan, lege horretan, areto gehiago ez desagertzeko neurriak hartu ditzala eskatu, eta banaketa justuagoa izateko, edota beste neurri batzuk, Frantzian egiten duten bezala.
Frantzia al da begiratu beharreko ispilua?
Frantzia da ia Europa osoak begiratzen duen ispilua. Baina zu ispilu aurrean jar zaitezke, baina moduak falta bazaizkizu… Estatuko zinemak ibilbide historiko jakin bat du eta atera diguten aldea errekupera ezina da. Espainiako Estatuan jendeak ez du kulturan sinisten, ez dute kultura maite, hezkuntza bai, baina gizartean aurrera egiteko modu bezala, ez ezagutzagatik, ez kulturaren plazerragatik. Konpontzeko bestelako arazoak dituzte, semeak biolina ikasteko ardura hartzea baino garrantzitsuagoak direnak beraien ustez. Artean, kulturan, antzerkian… ez dute interesik. Antzerkia eta zinema ez dira eskoletan lantzen eta hori kulturarentzat ez ezik, gelako armoniarentzat ere ona litzateke, jazarpena murriztuko lukeelako, pertsonalitatea garatzen lagunduko lukeelako. Frantzia ispilua dela, bai, baina estatu hau ezin da egun batetik bestera aldatu, gizartea bera edo oso ezkerrekoak ez diren alderdi politikoak ez direnean arduratzen kulturagatik; ez sorkuntza bezala ulertuta, ezta industria bezala ulertuta ere. Eta hori da larriena.