Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu Bidasoan bidegorriak egiteko
Irungo EAJk jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko inbertsioa egingo duelako Hendaia eta Hondarribia, Irundik pasatuta lotuko dituen bidegorria egiteko, Plaiaunditik zehar. Proposamen hori irailean egin zuela baieztatu du Xabier Iridoy Irungo EAJren udal taldearen eledunak, eta zehaztasun teknikoak eman ditu: “Hiru herriak lotzeko balioko du; alde batetik Irun-Hendaiako pasabideko igogailuarekin, eta bestetik, zubi bat eraikiz, Hondarribiarekin. Hendaiako itsasbazterrean eraikitzen ari diren pasabidea bezala, gure itsasertzean ere antzeko pasabidea egingo dute Plaiaundiko Parke Ekologikoa, Santiagotarrak parean dugun bidegorriarekin lotzeko”.
Iridoyren ustez, egitasmo honek “aurrerapauso garrantzitsua” suposatuko du Irungo eta Bidasoko mugikortasunarentzat, “gure hiriaren bitartez, eta Jaurlaritzak eman dion babesari esker, Hendaiako eta Hondarribiko hondartzak lotzea ahalbidetuko da”. Irungo auzoen arteko lotura ere indartuko dela ziurtatu du jeltzaleak.
Proposamena “landua eta irmoa” dela nabarmendu du Iridoyk, eta esan du hirirako egiten diren proposamenak ez dituela bakarrik alkateak lantzen