Emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa antolatu du udalak
Hilaren 25ean Emakumen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira hainbat ekimen antolatu ditu Lezoko Udalak. Horien artean, emakumeei zuzendutako autodefentsa ikastaroa egingo dute.
Hiru saio izango ditu ikastaroak, hilaren 9an, 16an eta 23an egingo dute 11:00etatik 13:00etara kiroldegian eta doakoa izango da. Hartzaileak berriz 16 urtetik gorako emakumeak izango dira. Ikastaroaren bidez, defentsa pertsonalaren oinarrizko edukiak landu nahi dituzte parte hartzen duten emakumeekin eta haien autoestimua eta autokonfidantza indartzea ere badute helburu. Erasoen aurrean eraginkorki erreakzionatzen eta arrisku egoerak saihesteko ohitura egokiak ikasiko dituzte halaber.
Ikastaroan hainbat teknika landuko dituztela azaldu dute antolatzaileek: “Gorputzeko hainbat atalen erabilera, egoera zailetatik ihes egiteko teknikak, eta oinarrizko puntuen ikasketa landuko dugu, besteak beste”.
Interesdunek kiroldegira edo Gizarte Zerbitzuetako bulegora jo behar dute izena emateko. Plazak mugatuak izango dira, hamalau guztira, eta Lezoko emakumeek lehentasuna izango dute.
Aterkien tailerra
Lezoko Gaxuxa Emakume taldeak sentsibilizazio tailerra antolatu du halaber, Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira. Sorkuntza artistikotik abiatuta, genero indarkeriaren gainean hitz egitea du helburu tailerrak. Genero inadarkeriaren aurkako leloa duen lila koloreko aterkia izango da tailerraren azken emaitza.
Berdintasuna lantzen duen Murgibe kontsultoriako Patricia Torresek emango du ikastaroa.
Hilaren 8an eta 15ean izango da ikastaroa 17:00etatik 20:00etara eta doakoa.Plazak mugatuak dira eta gehienez 20 emakumek hartuko dute parte. Horretarako Gaxuxaren egoitzan eman beharko dute izena interesdunek.