Aranburu, 2011 urtean Munduko Txapeldun izateagatik egin zitzaion harreran
Skeet modalitatean aritzen den Juan Jose
Kako Aranburu tiratzaile irundarrak Munduko Kopa irabazi zuen joan den igandera arte Abu Dhabin bi astez egin ziren Tiraketa Olinpikoko Munduko Kopako finaletan. Txapelketa bikaina egin zuen Aranburuk eta finalerdietan nahiz finalean onena izan zen.
Finalerdiak akatsik gabe egin zituen, 16 plateretik hamaseiak puskatuz. Brovold norvegiarra izan zuen aurkari finalean. Maila handiko finala izan zen, eta emozioz betea.
Hasieratik erakutsi zuten bi tiratzaileek ez zutela bigarren postua nahi. Lehen 11 tiroak ondo bota zituzten biek, baina hamabigarrenean Brovoldek huts egin zuen. Kako aurretik jarri zen baina hamalaugarren saioan ez zuen asmatu eta berdinketarekin iritsi ziren azken errondara. Irundarrak bere platera puskatu zuen eta, aldiz, eskandinaviarrak ez zuen berearekin asmatu eta Aranbururentzat izan zen Munduko Kopako final handiko garaipena.
Urrezko palmaresa
Emirerrietan lortutako oroigarriarentzako lekua egin beharko dio Aranburuk Irungo etxean, geroz era beteago duen apalategian. Urte asko darama planetako tiratzaile onenen zerrendan, baina 2011 izan zen orain arteko urte zoriontsuena beretzat; Munduko Txapelketa irabazi zuen Serbian, munduko errekorra ondu eta gero. Londresko olinpiar jokoetarako txartela ere lortu zuen Belgradeko mundiala irabazita.
Londresen urrezko domina irabazteko faborito nagusia zen Aranburu, baina gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera irundarrari eta finaletik kanpo geratu zen. Dominarik eta diplomarik gabe itzuli zen Euskal Herrira. Aurten, Mediterraneoko jokoetan lehiatu zen ekainean, Mursinen (Turkia) eta, finalerdietara sailkatzea lortu zuen arren, seigarren geratu zen.
Londresen eta Turkian huts egin eta gero, Abu Dhabin aurpegia aldatu zaio Kako Aranbururi, Munduko Kopa irabaziz. Jose Antonio Santano alkateak esan duenez, “Kakoren garaipena berriro albiste handia da hiriarentzat eta harro egoteko modua denentzat”.