Atzoko udalbatzarra
Oiartzungo Udalak oraindik kanposantuan dauden ikur frankistak kenduko ditu. Hala onartu zuten atzoko ohiko udalbatzarrean, alderdi guztien aldeko botoekin.
Herritar batek bultzatuta sartu zuen mozioa Kattin Ttiki memoria historikoaren aldeko taldeak. Herritar horrek proposamen zehatza egiten du, “mingarriak” suerta daitezkeen hitzak kentzea. Hala, “
soldados, voluntarios, requetes“, “
Jose Antonio Primo de Rivera“, bertan dagoen koroa eta “
1936ko uztailak 18” eta “
1939ko apirilak 1” datak kenduko dituzte.
Miren Irigoien zinegotziak nabarmendu zuen “aspaldi kenduta” egon behar zuela dena, baina “ez zaio heldu gaiari”. Azaltzen diren hainbat oiartzuarren izenak utzi egingo dituztela azaldu zuen, baina aparteko ezer ez dela jarriko kendutako hitzen ordez. Bihar, Domu Santu eguna izaki, udalak lore sorta eskainiko du Peña Gantxegik omentzen dituen 36ko gerrako hildakoen monumentuan.
“Uholde laranjarako” deia
Epaiketa politiko gehiagorik ez izeneko mozioa ere aurrera atera zen aho batez. 35/02 eta 26/11 auziak gaitzetsi zituzten. Aiora Perez de San Roman alkateak gogorarazi zuen auzi horien helburua “euskal herritarrak espetxeratu eta egoitzak ixtea” dela. 35/02 auzian sartuta dauden Rufi Etxeberria eta Girizia elkartea ekarri zituen gogora. “Espainiak politika ankerrari eusten dio, baina pintza berriak sortu dira, Azkeguneak eta Libre dinamika horien artean. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, uholde laranjarako deia egiten dugu”, azaldu zuen Perez de San Romanek. Babesa eta laguntza eskaini zien auzipetu guztiei, bereziki Etxeberria eta Girizia elkarteko kideei.
Hain justu, Girizia elkarteko hainbat kide plenora hurbildu ziren eta euren izenean Imanol Barrenetxeak hitza hartu zuen: “Prozesu honek ez du ez hanka eta ez buru, herriaren alde lan egitea da
delitu bakarra. Honi erantzun egin behar da eta horretarako lanketa bat egiten ari gara herrian”. Lanketa horren barruan, logo bat atera dute
Herriaren girizia leloarekin, Bilboko manifestazioan parte hartu zuten, eta hurrengo urratsa alderdiei, elkarteei… atxikimendua eskatzea izango da.
Horrez gain, azaroaren 30ean, 12:00etan, herriko auzo elkarteetako kideek argazki bat aterako dute.
Udal Zerga Ordenantzak
Plenoan 2014. urteko Udal Zerga Ordenantzak ere jarri zituzten mahai gainean eta EH Bilduren aldeko botoekin aurrera atera ziren (EAJ eta H1 abstenitu egin ziren). Tasa eta zergetan KPIaren arabera igoera egongo da, salbuespen batzuekin: Xorrola, hondakinak…, igoera hori %2,2koa izango da. Ura eta estolderiaren tasan, ordea, igoera %4koa izango da, “Añarbeko Urak egin duen igoerari erantzuteko”.
Horrez gain, Aitor Sanchez EAJko zinegotziak kargua utzi duela jakinarazi zuten atzoko udalbatzarrean eta haren tokia Iñaki Arbelaitz Mitxelenak hartuko duela esan zuten.
Urriko protokolo gastuak ere jakinarazi zituzten; hala, urriko gastua 673 eurokoa izan da lore sortetan, jardunaldietan, eskeletan eta plaketan.
Eskari-galderetan, Irati Etxebeste EH Bilduko zinegotziak Yolanda Barcinari tartak bota zizkieten AHTaren kontrako kideei elkartasuna adierazi zien: “Desobedientzia ez da delitua eta prozesu honek bertan behera geratu beharko luke”. Epaiketa azaroaren 18an hasiko da eta epaituko dituzten lau auzipetuetako bat Lezokoa dela gogoratu zuen. 5 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen duten eurentzat.