Azaroaren 17an egingo dute bigarrenez, SOS Arrazakeriak antolatutako Bizilagunak ekimena. Igande horretan, horrenbestez, atzerriko eta bertako familiek bazkari bat egingo dute elkarrekin. Atzerriko eta bertako familia bana elkartuko dira, eta bietako baten etxean bazkalduko dute.
Iaz 120 famili elkartu ziren, eta 60 bazkari egin zituzten, Gipuzkoako zenbait txokotan, baita Errenteria-Oreretan ere. Aurten, hain zuzen, herriko hamazazpi familiek eman dute izena oraingoz, iaz baino zazpi gehiagok, eta antolatzaileek gehiago izango direla uste dute. Horrez gain, lurralde osora zabalduko da, eta Donostia eta Tolosan ere bat egin dute ekimenarekin, baita Bizkaia eta Arabako zenbait herritan ere.
Aurten Kolonbia, Mexiko, Ginea, Nikaragua, Ghana, Mendebaldeko Sahara, Maroko eta Argentinatik etorritako familiek parte hartuko dute.
Iniziatiba horren asmoa etorkin eta bertakoen harremanak estutzea da, eta horrekin estereotipo eta antzeko beste trabak gainditzea. “Esate baterako, immigrazioa arrisku bezala ikustea aukera bezala beharrean. Hori aldatu behar da”, azaldu du Gerar Carrere SOS Arrazakeriako kideak. Ideia horrekin hausteko ezagutzea irtenbide onena dela uste du SOS Arrazakeriak.
Norbaitek parte hartu nahi badu,
info[a bildua]mugak.org helbidera idatzi behar du, edota 943 32 18 11 telefono zenbakira deitu.
Iazkoa errepikatzera
Lehengo urtean, esaterako, Julen Mendoza alkateak parte hartu zuen ekimen horretan, eta aurten ere esperientzia errepikatuko du. Iaz jatorriz marokoarra den baina egun Errenteria-Oreretan bizi den familia baten etxean bazkaldu zuen bere familiarekin. Biak baldintza antzekoko familiak zirela argitu du. Hala nola, Marokon zuten bizitza, eta egundainoko ibilbide guztiaren gainean hitz egin zutela azaldu du, eta hango argazkiak ere erakutsi zizkietela. Bukaeran, tallina egiteko kazola bat oparitu zietela ere esan du. “Oso esperientzia interesgarria” izan zela nabarmendu du.
Izan ere, familiak elkartzerako garaian, bakoitzaren baldintzak kontuan hartzen dituztela azaldu du Carrerek: zenbat haur dituzten, adina, begetarianoak diren…