Maite Peña eta Markel Olano, Lekuonako proiektua dela eta
Maite Peña Errenteriako EAJko bozeramaileak eta Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko bozeramaileak Lekuonaren inguruan alderdiak duen jarreraren berri eman dute gaur goizean. Zentzu horretan, Dantzagunea Lekuonan gauzatzeko “eskua luzatu” dio udalari. Izan ere, Gipuzkoa edota Euskal Herri mailako proiektua dela kontuan hartuta, Errenteriarentzako “motorra” izan daitekeela uste dute.
Hala ere, bi baldintza kontuan hartu behar direla gogorarazi du Peñak, batetik, “herriko kultur mugimenduaren beharrei erantzun” behar diola, “ez bakarrik Dantzagunearenak”; eta bestetik, Errenteriako Udaleko diru kutxa ez duela ito behar: “Proiektua ez da errenteriarren kontura atera behar”, adierazi du.
Zentzu horretan, erakundeen elkarlana, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena kasu, beharrezkotzat jo du, eta lan horretan EAJren laguntza izango duela nabarmendu du Olanok. Horren adibide gisa jarri du aldundiaren 2014ko aurrekontuetan Lekuonaren proiekturako 100.000 euroko partida babestu duela EAJk.