Ordenantza fiskalak eztabaidatu dituzte urriko udalbatzarrean
Azken udalbatzarretako joerari jarraituz, atzokoa ere luze joan zen. Ordenantza fiskalek sortu duten eztabaida ikusita espero zitekeen, baina eztabaida ez zen horrekin hasi. Testua nola bozkatu horrekin sortu zen ika-mika. Julen Mendoza alkateak emendakinak puntuz puntu bozkatzea proposatu zuen, eta gero moziotik geratzen diren puntuak batera bozkatzea. PSE-EE kontra azaldu zen hasieratik. Mendoza eta Maite Peña EAJko bozeramaileak bozketaren inguruan egon ziren eztabaidatzen, eta azkenean Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak etenaldi bat eskatu zuen.
Bueltakoan mozio guztia batera bozkatuko zutela esan zuten, eta espero bezala aurrera atera zen, PSE-EE, EAJ eta PPren aldeko botoekin. Udal gobernu taldea (Bildu eta Ezker Anitza) abstenitu egin zen.
Ordenantzen gaineko eztabaida
Eztabaidan Ezker Anitzak “inprobisatzea” egotzi zen oposizioko alderdiei. PPk erantzun zien ez zela baizik eta “udalarekin eta herritarrekiko konpromiso ariketa”. EAJko Maite Peñak, bestalde, gezurtatu egin zuen inprobisatzearena, eta edukiari dagokionez, taldeek ongi prestatu dutela esan zuen. Horrez gain, onartu zuen oposizioak egindako aldaketen aurrean, udalaren diru bilketa murriztuko dela, baina bizilagunekin ahalegin bat egin behar duela esan du, eta merezi duela murrizketa hori bere gain hartzeak. PSE-EEko Rodriguezek ere bide beretik egin zuen, eta herritarrak presio fiskal handiagoa hartzeko moduan ez daudela esan zuen.
Bilduko Jon Txaskoren arabera, baliabide gutxiagorekin erantzun beharko diete herritarren beharrei, kontuan hartuta, gizarte larrialdi laguntzetara 244.000 euro bideratu behar izan dituztela, gainera beste partida bat eginez. Bukatu zuen esanez, diru sarrera eta gastuen arteko harremana ez duela aipatu oposizioak.
Mendoza alkatea kezkatuta agertu zen egoera horrekin, eta kaltetuak herritarrak izango direla uste du. Alkatearen arabera, udal gobernu taldeak datorren urterako izango dituen gastuak aurreikusita egin zituen ordenantzak, eta hasierako proposamenetik diru bilketa jaitsi bazuten oposizioarekin akordio batera iristeko izan zela argitu zuen. Oposizioaren bidea, haatik, kontrako bidetik joan dela esan zuen: proposamena hasieran egindakotik (gehienbat tasa eta zerga garrantzitsuenak izoztearen alde) horiek igotzearen alde izan dela. Zentzu horretan, zein logikarekin egin duten galdetu zuen.
EAJk erreplika txandan erantzun zuen berak zenbakiak atera dituela, ezin zaiela arduragabeak izatea leporatu, udalak 100.000 euro gutxiago bilduko dituelako, eta hori aurrekontuetan ez dela horrenbeste nabarituko.
Mendozak erantzun zion ea berak ateratako zenbaki horiek udalaren lehen proposamenarekiko edo bigarren proposamenarekiko izan den. Peñak erantzun zion bigarrenarekiko izan dela.
Pentsiodunen idatzia
Hirugarren puntuarekin batera eztabaida sortu zuen bakarra azkenekoa izan zen, pentsiodunek aurkeztutako mozioa (gainontzeko puntuak aurrera atera ziren). Pentsiodunek euren erosteko ahalmena jaisten ari dela salatu zuten, eta hori PSE-EEk onartu eta PPk jarraitu dituen neurriengatik izan dela adierazi zuten. PPko zinegotziaren izan zuten eztabaida, berak gobernuak hartutako neurriak defendatzerakoan.
Azkenean puntuz puntu bozkatu zuten mozioa, eta denak atera ziren aurrera. Lehenengoan, udal gobernu taldeari eskatzen zitzaion egungo gobernuak gauzatu nahi dituen pentsioen murrizketen kontrako jarrera tinkoa aurkeztea, botiken ehuneko bat birritan ordaintzearekiko ezadostasun eta oposizio erabatekoa eta Onkologikoa pribatizatu nahi izatearekiko gaitzespena. Hori batzar nagusiengana bideratzea eskatu zuten. Talde guztiek alde bozkatu zuten PPk izan ezik puntu guztietan kontra bozkatu zuen, batzar nagusiekin harremana zuenean izan ezik; hor abstenitu egin zen. EAJ Onkologikoaren puntuan abstenitu zen.