Madariaga, Bidasoko produktu kluba aurkezten
Ekonomiaren lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak ados jarri eskualdeko turismo enologikoari eta gastronomikoari bultzada emateko. Hori da gaur goizean Irungo Ola sagardotegian aurkeztu duten Euskadi Gastronomika markako Bidasoko produktu klubak lortu nahi duena. Eusko Jaurlaritzako Turismoaren Euskal Agentziaren (Basquetour) ekimena da eta, Bidasoa Bizirikeko turismo arloak Irun eta Hondarribira zabaldu du, “turismo gastronomikoa eta enologikoa landu eta eskualdeko gastronomiaren aberastasuna sustatzeko”. Gaurko ekitaldian izan dira Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendaria, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziako presidente eta presidente ordea, Miguel Angel Paez irundarra eta Juan Mari Altuna hondarribiarra.
Basquetourrek abiatutako lerro estrategikoa da Euskadi Gastronomika marka, “Euskadi turismo enogastronomikoan erreferente mundiala izatea” bilatzen duena. “Posible dela uste dugu, behar den guztia dugulako, bai produktuak, bai sukaldariak, bai ekoizleak. Gure gastronomia eta kultura gastronomikoa oso ezagunak dira mundu osoan eta hona datorren turismoa parte handi batean horregatik dator”, esan zuen Madariagak. Estrategi hori eskualdeka banatzen ari direla azaldu zuen, “produktu klubak sortzen”, orain arte hamasei. Bidasokoan, 37 dira dagoeneko Euskadi Gastronomika marka berriaren adierazgarria jaso duten Irun eta Hondarribiko establezimendu, enpresa eta turismo eragileak. Horietako batzuk gaur goizeko ekitaldian jaso dute euren enpresetan jarriko duten eranskailua.
Hainbat establezimenduk gaur jaso dituzte Euskadi Gastronomika markako adierazgarriak
Olan egin dute aurkezpena, Euskadi Gastronomika programan sagardotegien eta bisitatu daitezkeen enpresen zerrendetan ageri den lekuan. “Leku eder” horretan Basquetourreko arduradunak nabarmendu duenez, Euskadi Gastronomikaren asmoa ekimen pribatua eta publikoa bateratzea da: “Helburua arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana da, guk haiek gabe ezingo genuke ezer egin eta askotan ekimen pribatuak erakunde publikoen laguntza behar du. Beste modurik ez dago”.
Elkarlana, ezinbestekoa
Madariagak onartu duenez, garai txarrak dira, “Jaurlaritzarentzat ere”, baina gobernuaren lerro estrategikoetako bat Euskadi Gastronomika da eta dagoeneko Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu dutela gaineratu zuen: “Euskal Herriko kultura gastronomikoa lehenagotik ezaguna da kanpoan, baina ekonomiaren hiru sektoreak ados jartzea lortu izanagatik harrituta geratu dira”.
Irungo alkateak ere goraipatu zuen hori, elkarlana, eta eskerrak eman zizkien Euskadi Gastronomika programari baietz esan dioten eskualdeko hogeita hamazazpi enpresei. “Lehen mailako ekoizle eta profesionalak ditugu, aprobetxatu dezagun hori. Zalantza gabe elkarrekin egin behar dugu bide hori”, adierazi zuen Santanok.
Bidasoa Biziriken izenean Miguel Angel Paez presidenteak gogorarazi zuen eskualdean badirela urte batzuk ekimen pribatua eta erakunde publikoak lanean dihardutela, “Bidasoak dagoeneko marka propioa du, ezaguna egiten hasi dena”. Madariagak, Euskal Herriko Pintxo Txapelketa eta Irun Sustatu ekimenak enogastronomia arloko elkarlanaren adibide bezala aipatu zituen. Bi ekimen horietan parte hartutako batzuk irten dira Olatik Euskadi Gastronomia markako adierazgarriekin.