Erdi Aroko polikromia teknikak erakutsi eta irakatsiko dituzte
Bihar, urriko azken egunarekin, Ahazturiko artisau teknikak, egurretik Erdi Aroko margora goiburuko erakusketa abiatuko du Arma Plaza Interpretazio Zentroko erakusketa aretoak. Erdi Aroan baliatzen zituzten teknika artistikoak biltzen ditu erakusketak eta, osagarri bezala, teknika horiek ikasteko aukera izango du nahi duenak, azaroaren 4tik aurrera tailerra egingo baitute.
Zuloaga Etxean izango da ikastaroa, azaroaren 4, 6, 11 eta 13an, 16:00etatik 21:00etara. Izena eman nahi duenak larunbata baino lehen egin behar du, BAZ bulegoan. Tailerraren prezioa 20 eurokoa da.
Kultur Ondareen mantentze eta zaharberritze lanetan adituak diren Yasmina Prada eta Iosu Salegik eskainiko dute tailerra. Adar Aroztegiko kideak dira eta, azaldu dutenez, tenple teknikarekin margotzen irakatsiko dute, arrautzarekin zein kolarekin: “Ikastaro praktikoa izango da eta ikasleak Erdi Aroan bezala polikromatzen ikasiko du. Material guztiak utziko zaizkio”. Haien esanetan, ikastaroa formazioa zabaldu nahi duten artisauentzat zein interesa duen edozeinentzat zuzenduta dago.
Esan bezala, tailer horri lotutako Ahazturiko artisau teknikak, egurretik Erdi Aroko margora erakusketa ostegun honetan irekiko dute. Egur gaineko garai bateko polikromia ezartzeko teknikak ezagutzeko aukera ematen du erakusketak, hala nola, arrautza tenperak edota urreztadura. Ostegunetik azaroaren 17ra arte bisitatu daiteke, Arma plazako turismo bulegoaren ohiko ordutegian.