
Garitano eta ikasleak, atzoko ekitaldian
Atzo aurkeztu zituen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Gordailuan (Irungo Arretxe gainenean dago) ikasturte honetan egingo dituzten arkeologia tailer pedagogikoak, haurrentzat, Arkeologiaz Blai izenekoak. Bertan parte hartuko dutenei ongietorria egin zien. Bertan Irun, Hondarribia, Oiartzun, Errenteria-Orereta, Pasaia eta Donostiako hainbat ikastetxetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek parte hartuko dute, eta helburua da lan arkeologikoen ezaugarriak zabaltzea, eta indusketetan jasotzen diren bildumak nola aztertzen diren erakustea. Horrekin garai historiko ezberdinen ezagutza jasotzeko aukera izango dute ikasleek.
Garitanoren arabera, Gordailua ez da soilik ondarea jasotzeko edo sailkatuta izateko gune bat, “gipuzkoar guztion ondarea erakusteko, dinamizatzeko eta balioan jartzeko ezinbesteko tresna da”, eta nabarmendu du herrialde osoko ondare arkeologikoak egon behar duela Irungo azpiegituran.
Atzoko ekitaldian Irungo Belaskoenea ikastetxeko 5. mailako ikasleek parte hartu zuten. Aurrerantzean ehunka ikaslek jasoko dituzte arkeologia irizpideak. Hala, tailer horiek, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Arkeolan Fundazioak emango dituzte.