Julen Mendoza: "San Marko Mankomunitateko presidente estimatua"
Arestian prentsaren bidez Errenteriako Herriko etxean izan zen prentsaurrekoaren berri izan dut. Bertan San Marko Mankomunitatearen lehendakari gisa parte hartu zenuen San Marko Mankomunitatearen kide ez den Errenteriako Udaleko PSE-EEko bozeramailearekin batera, eta San Marko zabortegia ixteko obren berri eman zenuten.
Egia esan, prentsaurreko hori eman izanak sortu didan kezka da, aurretik izan diren beste hainbat gertaerarekin batera, honako komunikazio ireki hau idaztera bideratu nauena.
Gogoratuko duzun bezala, bada denbora pixka bat zuk eskatuta Alkatetzaren bulegoan bilera bat egin genuela. Bilera horretan adierazi zenidan San Marko Mankomunitateak zabortegia ixteko obrak egiten hasteko asmoa zuela, eta, zehazki, udalak obra horiek egiteko lizentzia laster emateko eskatu zenidan. Alkate honek horren aldeko erabateko prestasuna adierazi zizun, kontuan hartu behar baita gure interesa ere badela zabortegi hori lehenbailehen ixtea. Era berean, bilera horretan biok kontsideratu genuen ez zela ona gai honi buruz eztabaidan ibiltzea, eta komeni zela gizartearen aurrean jarrera bateratu bat agertzea. Zehazki, zuk eta alkate honek Beraungo auzo elkartearen lokaletan konferentzia bateratu bat egiteaz aritu ginen hizketan.
Konferentzia hura egin egin zen, baina zuk baino ez zenuen esku hartu, ez baitzitzaion alkate honi gonbidapena helarazi, eta prentsaren bidez izan genuen horren berri.
Gerora egindako dei batean eskatu zenidan udalaren parte hartzea eta elkarlana irailean zabortegia ixteko egingo zen jaian, eta berriro ere alkate honek horren aldeko erabateko jarrera zuela adierazi zizun, baita konferentzian gertatutakoaren gaineko ezinegona zuela adierazi ere. Elkarrizketa horren ondoren, alkate honek ulertu zuen aurrerantzean ez zela berriro horrelako egoerarik emango eta batera jarduteko modua bilatuko zela herri honetako herritarrei helarazi beharreko mezua dela- eta.
Adierazitako guztia Errenteriako Udaleko PSE-EEko bozeramailearekin batera eman zenuen prentsaurrekoan esandakoaren aurka dago erabat, hain zuzen ere, berriro diot, prentsan jasotzen zenaren arabera, San Marko Mankomunitatearen lehendakari gisa eta hainbat udalerri ordezkatuz zabortegia ixteko obren berri emateko egindakoa.
Alkate hau jakitun da alderdi berekoak zaretela, eta, inondik inora, ez da bere asmoa zuri esatea noiz eman dezakezun eta noiz ez prentsaurrekoa. Baina egia da, edukiagatik zein bertan zenuen ordezkaritza motagatik, ez zuela ematen prentsaurreko hori alderdiaren prentsaurreko bat zenik.
Hori esanda, nire ustez komeni da gogoraraztea Errenteriako alkatea dela udala zein Errenteriako herritarrak ordezkatzen dituen bakarra. Mankomunitatearen lehendakaritzarekiko erabateko errespetutik esan behar dizut uste dudala erakunde horretako kargudun bezala printzipio demokratikoak urratzen ari zarela, baita administrazio publikoen arteko harremanak arautu behar dituen leialtasun printzipioa ere. Zuk, ezer baino lehen, zure karguaren izenean diharduzunean, printzipio batzuk errespetatu behar dituzu, eta kontsideratzen dut ez dituzula errespetatu, eta, ondorioz, ez duzula bete alkate honi ez ezik Errenteriako herritarrei ere zor diezun errespetua.
Nahi nuke, eta hala eskatzen dizut, aurrerantzean zure karguari dagokion ardurarekin jokatzea, eta bi administrazioen arteko lankidetza, informazioa eta errespetua bilatzea, behartuta gaudenaren arabera.
Besterik gabe, eta komunikazio honek etorkizuneko jarduerak hobetzeko aukera emango digulakoan, jaso ezazu nire agurrik beroena.