Oinatz Mitxelena, gaurko agerraldian
Biharko udalbatzarrean, besteak beste, Irungo lau tokiri izena jartzeko proposamena aztertuko dute zinegotziek, kale bat eta hiru plazatxo. Hala, horien gaineko gogoeta egin du EH Bilduk, eta esan, parekidetasun printzipioa ez dela kontuan izan, bakar batean ere izena ez delako emakume batena izango, “horregatik, proposamena bere horretan mantentzen bada, guk izendapen horien kontra emango dugu botoa udalbatzarrean”. Oinatz Mitxelena koalizioaren udaleko eledunak zehaztu du ez dutela izen zehatz horien kontra egoteko arrazoirik, baina parekidetasuna ez dela bermatu uste dute. Hortaz, proposamena bertan behera utzi, eta azaroko udalbatzarrean aztertzeko eskaera erregistratu du. Beheko zerrendan daude toki horien proposamenak.
Horren berri emateko agerraldia egin du goizean Oinatz Mitxelenak, udaletxean.
Izen horiek kaleen izenak jartzeko batzordean adostu ziren, baina betiere Udalbatzak hartu behar du behin betiko erabakia. Baina EH Bilduren arabera, oso gutxitan biltzen da batzorde hori, eta berriz ere lau toki horientzako izen berriak proposatzeko bilkura ahalik eta azkarren egin beharko litzateke. Alta, Bengoetxea prest agertu da Bidasoa-Zubelzu eremuko kale bati —A kalea deiturikoa, teknikoki— Porcelanas Bidasoa izena jarri, eta denbora premiagatik, bihar bertan onartzearekin, baina besteetan emakumeen izenen presentzia beharrezkoa dela uste du.
Hori bakarrik ez. EH Bilduren ustez “berehala” kendu behar dira hiritik frankismoarekin harreman zuzena edo zeharkakoa izan zutenen izenak Irungo kaleetatik. Zentzu horretan joan den astean gaiaren berri eman zuen prentsaren aurrean koalizioak, eta azaroaren 20a hurbil izanda bide horretan urrats “azkarrak” eman behar direla esan du Oinatz Mitxelenak.
Kale berrien izen proposamenak:
- Porcelanas Bidasoa kalea izena ematea Bidasoa-Zubelzu eremuko —Porcelanas Bidasoa enpresa bertan zegoen— kale bati.
- Fernando Echepare plazatxoa izena jartzea Santiago kalearen eta Aixinzolua ibilbidearen artean dagoen plazatxoari.
- Bicentenario Segunda Batalla de San Marcial-San Martzialeko Bigarren Batailaren Bimendeurrena plazatxoa izena ematea Behobia auzoko Bidasoa ibai ertzearen ondoan dagoen plazatxo bati.
- Jose Luis Barrio plazatxoa izena ematea Gipuzkoako hiribideko osasun zentroaren aurreko plazari.