Jose Enrique Corchon eta Xabier Iridoy, atzoko agerraldian
Irun Gipuzkoan langabezia tasarik handiena duen herria da. Datu objektibo horretatik abiatuta, eta “krisiaren eragina gehien pairatzen dutenei laguntzeko”, hiru neurri proposatu ditu Irungo EAJk 2014ko ordenantza fiskalen proposamenean txerta daitezen. Ordenantza horiek gobernu taldeak landu ditu, eta biharko udalbatzarrean aztertuko dituzte. Proposamen horien berri atzo eman zuten EAJren udal taldearen eledun Xabier Iridoyk eta Jose Enrique Corchon zinegotziak.
Jeltzaleen lehen proposamena da krisia gehien jasaten ari direnei IBIaren tarifa murriztua aplikatzea, eta horretarako 2013an udal zerbitzu batzuetako hobarietarako erabili den irizpidea jarraitzea proposatu du.
Bigarrena da etxebizitza hutsei aurten ezarritako %50eko gainordainketa bertan behera uztea, “okerra delako, gaizki definitua dagoelako, eta erreklamazio eta egoera bidegabe asko eragiten ari delako”.
Eta azkenik, jabetzen plusbalioaren zergaren %30erainiko igoera —ez kasu guztietan— berrikustea proposatu du EAJk, “berriz ere egoera bidegabeak sortzen direlako, eta gaizki diseinatutako ordenantza bat delako. Horrela, tipo aplikatu murriztua ezartzea proposatu du EAJk.
“Gardentasun falta”
Irungo EAJk, proposamen horiek landu eta aurkezteaz gain, udal zergen eta tasen gaian Jose Antonio Santanoren udal gobernuaren “gardentasun falta” salatu du berriz ere. Izan ere, EAJren arabera, udal goberniuak IBIa izoztu nahi zuela Ogasun arloko ordezkariak egin zituen adierazpen batzuengatik jakin zuen. Hala ere, akordioetara iristeko borondatea agertu du EAJk beste alderi politikoekin nahiz udal gobernuarekin, “guk aurkeztutako proposamenak onartzen badituzte beti ere”.