Jaietan egin zitzaien omenaldiko une bat
Herritar talde batek Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak omentzeko ekitaldia antolatu du azaroaren 16rako, Kontxako bandera irabazi izanagatik. Goizetik gauera “egun handia” izatea nahi dute eta herri bazkari erraldoi bat prestatu nahi dute horretarako. Dagoeneko bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte.
Kontxako irabazleak omentzeko jardunaldi herrikoia Guadalupeko santutegian hasiko da, 11:00etan. Ordu horretan Kontxako bandera eskainiko diote Guadalupeko Amari eta ondoren Portu auzora jaitsiko dute, eguerdiko hamabietarako. Antolatzaileek aurreratu dutenez, nahi duenak banderarekin argazkia ateratzeko aukera izango du: “Bandera Axeri Elkartearen aurrean jarriko dugu, nahi duenak argazkiak atera ditzan banderarekin”.
Herriko arraunlariak non, Abiyuan fanfarrea han, eta hori ere hala izango da azaroaren 16ko omenaldi egunean. Bazkaria bitarte, giroa alaitzen ariko dira Abiyuanekoak Portuan.
Bazkaria, kai berrian
Bazkaria kai berrian egingo dute, hango bentan, 14:30ean hasita. “Han bertan bazkaldu eta gero omenaldia egingo zaie arraunlariei, eta gero musika eta jaia izango da gorputzak aguantatzen duen arte”, adierazi dute.
Bazkarira joan nahi duenak dagoeneko aukera du txartelak erosteko, 25 euroan helduenak eta 12 euroan 16 urtetik beherakoenak. Honako lekuetan eros daitezke: MAPFRE Aseguruak, Kai Alde gozotegia, Arraun Elkartean eta Irungo Sargia tabernan.