Ricardo Remiro, txapela jantzita
Giro ona izan da aurten ere Hondarribiko Idiazabal Gazta Lehiaketan. XII. ekitaldia bete zuen atzo Hondarribia Ostalaritza Elkarteak antolatu eta udalak eta Idiazabal Jatorrizko Deiturak babesten duten lehiaketak. Urtero asko dira lehiaketaren inguruan jartzen den azokara hurbiltzen direnak, baina inor ez da Ricardo Remiro eulatearra bezain gustura etortzen. Lehen ekitaldian txapela jantzi zuen Remirok keztutako gaztak, 2009an eta 2012an errepikatu zuen, eta aurten ere lehen saria eman diote nafarrari. Txapelaz gain, Ama Guadalupekoa trainerua irudikatzen duen oroigarria eta 350 euro jaso ditu Remirok.
Lehiaketara aurkeztutako hogeitabat gaztagileren artean hamar izan ziren aurkeztutako keztutako gaztak, baina Remirorena soilik sartu zen lehen seien artean; beste bostak naturalak ziren. Epaimahaiak 328 puntu eman zizkion irabazleari, Aiako (Gipuzkoa) Jose Luis Odriozolak baino hamabi puntu gehiago eta Ilarduia herriko (Araba) Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregik aurkeztutakoa baino hamasei gehiago.
Hondarribikoa ez da Eulateko artzaiak aurten irabazitako sari bakarra, besteak beste Ordiziako lehiaketa ere berak irabazi baitzuen. Aurten 7.500 euro ordaindu zituzten Ordizian irabazitako gaztaren erdiaren truke.