Ezker Anitza ordenantza fiskalei buruz: "Interes politikoa lehenetsi da interes sozialaren aurrean"
Oposizioa akordio batera iritsi ondoren, Ezker Anitzak PSE-EE, EAJ eta PPren jarrera kritikatu du, eta ondorioztatu du “udal gobernu taldea gastatzea” izan dutela helburu, eta ez 2014rako “tasa eta zergak nahikoak eta justuak” diren aztertzea.
Zentzu horretan, krisi garaian laguntza sozialen harira, udalaren egitekoa “garrantzitsua” dela nabarmendu du Jose Manuel Ferradas bozeramaileak, “baina horretarako, diru sarrera nahikoak eta justuak behar dira”. Hori oposizioko taldeek ez dutela kontuan izan uste du: “Euren epe motzeko interesak lehenetsi dituzte talde politiko bezala, Errenteriako interes soziala beharrean”.
EAEko beste inon ez bezala PSE-EE, EAJ eta PP ados jarri direla adierazi du Ezker Anitzak, eta “logika hori” Errenteria-Oreretan “soilik” erabiltzea leporatu die sozialista eta jeltzaleei: “Eibarren (PSE-EE) tasa eta zergak %3 igoko dira kalitatezko zerbitzuak eta herritarren unibertsaltasuna bermatzeko. Hondarribian (EAJ), antzeko logika batekin igoera %1,9koa izango da”. Horrekin lotuta, galdera bat bota du: “Nola egingo dugu Errenterian gizarte larrialditarako laguntzari ekarpena egiteko Eusko Jaurlaritza ez denean gai horren oinarrizkoa den zerbaitentzako ekarpena egiteko?”. Horrez gain, azaldu du hiru alderdi horiek “2009an KPI %2ra iristen ez zenean %5,5” igo zituztela tasa eta zergak.