Oiartzun ibaia Lartzabalen
Errenteriako PPk Fanderiako presa “lehenbailehen” eraikitzeko eskatu zuen joan den astean, eta horren harira, Eguzki talde ekologistak erantzun egin dio. PPk presa eraikitzeko emandako argudioetako bat Papresan lanpostuak galtzeko arriskua aipatu zuen, enpresaren arabera, egungo ur horniketarekin ez baitaukate nahikoa beren jarduera aurrera eramateko. Eguzkik, ordea, galdera bat bota du: “Norbaitek pentsa al dezake Papresak bere jarduera normaltasunez eraman ahal izan duela ur hornidura bermatuta eduki gabe?”. Horrez gain, bi urte pasatu behar izan dutela salatu du PP Papresako lanpostuez kezkatzeko.
Bestalde, gogorarazi du Eguzki ez dela presa eraikitzearen kontra azaldu den talde bakarra izan. Talde ekologisten artean Ekologistak Martxan eta Rios con vida aipatu ditu, eta erakundeetan aldundia eta Oiartzungo Udala. Presa ez eraikitzeko eskatu dutela adierazi du Eguzkik, Oiartzun ibaiaren biodibertsitatearentzat kaltegarria dela iritzita.
PPk, bere aldetik, erdibideko presa baten alde egin zuen, bi aldeentzako kaltegarria ez den zerbait. Zentzu horretan, Eguzkik gogorarazi du presa eraiki gabe ere bizilagunei kalterik ez eragiteko ur xafla nahikoa egon daitekeela auzoa zeharkatzen duen kanalean: “Proposamen hori ez da kontraesankorra, nahiz eta batzuk behin eta berriro aipatu, presaren ez eraikitzearekin”.