Hondarribia Futbol Elkarteko lehen taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Añoña Mendiren kontra (1-0), Hondartzako berdegunean jokatutako Lurraldeko Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldiko partidan. Partida serioa egin zuen Mikel Llorenteren taldeak, batez ere bigarren zatian. Etxekoen entrenatzaileak onartu duenez, taldeari kostatu zitzaion partidan sartzea: “hasieran kostatu zaitzaigun baina poliki-poliki hasi ginen partidan sartzen eta lehengo zatia nahiko ondo bukatu genuen”.
Atsedenaldiaren ondoren iritsi zen Hondarribiaren gola. “Bigarren zatia oso ondo hasi genuen eta 3.minutuan Cervantesek gola sartu zuen ezker bandatik Olaetxeak eta Iñigok eginiko jokaldi on bati amaiera emanez”, gehitu du Llorentek. Gol horri esker hiru puntu gehiago pilatu ditu taldeak eta atzeko postuetatik geroz eta urrutiago dago.
Oraindik zazpi partida baino jokatu ez diren aren, inoiz baino estuago dago sailkapena, batez ere multzoko goiko eta erdiko postuetan. Hondarribia laugarren dago, 12 punturekin hirugarren Aurrerarekin berdinduta. Partida bakarra galdu dute berdeek eta hiruna irabazi eta berdindu. Berio da multzoko liderra, hamalau punturekin, eta Tolosa bigarren, bat gutxiagorekin.
Datorren asteburuan Hernanin jokatuko dute Mikel Llorenteren mutilek. Aurten ez dira fin hasi hernaniarrak, partida bakarra irabazita sei punturekin beheko postuetan baitabiltza. Baina, multzoko talde indartsuenetako bat da Hernani eta edozein unean has dezakete goranzko bidea.
Nesken lehen garaipena
Neskek ere garaipena lortu zuten asteburuan, Usurbilen kontra. Ligako lehena izan da eta pixkanaka-pixkanaka taldea egokitzen ari dela dirudi. Iaz Hondarribiak ezin izan zuen emakumeen talderik atera helduetan eta aurten lortu du, baina horretarako gazte eta kadete mailetako neskak baliatu behar izan ditu. Badirudi gazte horiek ari direla nagusien mailari neurria hartzen eta dagoeneko lehen hiru puntuak pilatu dituzte.
Datorren asteburuan liderraren aurka jokatuko dute kanpoan. Intxaurdi taldea dago lehen postuan, hiru garaipen eta bi berdinketarekin, porrotik gabe. Donostiako taldea da Intxaurdi baina Oiartzungo Karla Lekuona zelaian jokatzen du. Hortaz ez dago urruti joan beharrik heldu den asteburuan herriko nesken taldea animatzeko.
Futboleko taldeen asteburuko emaitzak
Erregional Ohorezko Maila
- Hondarribia-Aloña Mendi 1-0
Lehen Erregionala
- Hondarribia B-Oiartzun B 0-3
Emakumeen Liga
Gazteen Ohorezko Maila
Gazteen Lehen Maila
- Allerru B-Hondarribia B 0-2

Kadeteen Lehen Maila
- Real Union-Hondarribia B 3-0
- Orereta Kafea-Hondarribia 1-8
Haurren Lehen Maila
Haur Txikien Maila
- Real Union-Hondarribia 1-2
Emakumeen Haurren Maila
- Hondarribia-Mariño B 4-0
- Oiartzun-Hondarribia B 6-1
Alebinen Maila