Txinzerren kudeaketa "iluna" salatuko dute Irungo Udalbatzaren aurrean
Bidasoaldeko Lagunak taldeak elkarretaratzera deitu du asteazkenerako, 19:00etan, Irungo udaletxean. Egun hori aukeratu dute hilabeteko ohiko plenoa egingo dutelako. Era berean, idatzi bat aurkeztuko dute, udala Txingudiko Zerbitzuak erakundearen (Txinzer) bidez egiten ari den kudeaketa “iluna” salatu eta hainbat neurri hartzeko eskatzeko. Izan ere, taldea ez dator bat ur sistemaren gainean egiten ari den kudeaketarekin, ez Jaizkibel mendian ezta San Antongo urtegian ere.
Jaizkibelgo zundaketak direla eta, Bidasoaldeko Lagunak taldeak Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Txinzerreko Administrazio Kontseiluko presidenteari gogorarazi dio “natura eta biodibertsitatearekiko errespetuzko jarrera” izan behar duela. Aldi berean alkateari esan diote Txinzerreko kudeatzaileei eska diezaiela Irunen eta Hondarribian uraren beharra badago aurreko urteetan erabili diren ur baliabideak erabil ditzala “bakarrik”, hau da, Jaizkibelgo Goikoerrotako, Justizeko, Errotako eta Artzuko baliabideak erabil ditzala, “bakarrik beharra dagoen garaian”.
Ur beharra oso handia balitz, Irugurutzetako (Irusta) zentral hidroelektrikora San Anton-Endara eremutik ura ez bideratzea eskatu dute aldi berean Bidasoaldeko Lagunak taldekoek.
Eta aurreko neurriak hartuta ere, Hondarribiak eta Irunek uraren beharra balute bakarrik zilegitzat jo dute taldeko kideek Jaizkibelgo lur azpiko ura erabiltzea.
Santanori gogorarazi diote 2010ko apirilean. Txinzerrek aldundiarekin akordioa egin zuenean Jaizkibel-Elordi eremuko lanak egiteko, esan zuela “sei putzu berriak ganoraz” erabiliko zituela, “orain arteko hirurekin egin dugun bezala”, alkateak orduan esan zuenez: “Jaizkibelgo ur baliabideak zaindu behar ditugu, denen baliabideak direlako, eta horiek erabiltzen jakin behar da”.