7.852 kilo elikagai bildu dituzte beharra duten umeentzat
Errenteriako Gurutze Gorria elikagaiak biltzen aritu zen joan den asteburuan Oiartzun nahiz Irungo Alcampo hipermerkatuetan, eta biltzea espero zuten kopurua gainditzea lortu zuten. Guztira, herritar eta bezeroen eskutik, 5.851 kilo produktu jaso zituzten, eta hipermerkatuek euren aldetik 2.066 kilo eman zituzten.
Jasotako produktuak beharra duten inguruko haurrei emango dizkiete. Helburua gosari eta meriendarako elikagaiak biltzea zen: esne, zukuak, galletak, zerealak…
Gurutze Gorriak eskerrak eman die ekarpenen bat egin duten herritarrei nahiz boluntario lanean aritu direnei. Boluntarioek herritarren partetik elkartasun keinu ugari ikusi zituztela nabarmendu du Gurutze Gorriak, eta hala nola, hilabete bukaerara iristeko arazoak dituzten hainbat lagunek ere ekarpena egin dutela eta ekarpen handiagoa egin ezinagatik barkamena eskatu zutenak ere izan zirela.
Datozen egunetan Gurutze Gorriak jasotako guztia klasifikatuko duela jakinarazi du, eta gero haurrak dituzten eta beharra duten familiei banatu: “Zerrendan ez dauden seme-alabak dituzten familiek ere, ezarritako baldintzak betez gero, Errenteriako Gurutze Gorrira joan daitezke”. Donostia kalea 3 atarian dago.