Fanderiako presa "lehenbailehen" berreraikitzeko eskatu du PPk
Errenteriako PPk salatu duenez, abuztuaren 27tik daude URA agentziaren erantzunaren zain Fanderiako presaren gainean. Izan ere, berak ondorioztatzen duenaren arabera hartuko da erabakia: berreraiki bai ala ez.
Hainbat iritzi daude presaren gainean, eta batez ere, Papresak eraikitzearen alde egiten du eta Eguzkik kontra. PPk Fanderiako presa “lehenbailehen” irekitzeko eskatu du, Jose Manuel Herzog bozeramailearen bitartez. Papresak presa hori eraikitzeko eman duen arrazoietako bat egun daukaten ponpaketa gunearekin aski ez dutela izan da, eta horrek lantegiaren aktibitatea “oztopatzen” duela. Papresan 266 lagunek lan egiten duela gogorarazi du Herzogek.
Eguzkirekin puntu batean “bat” egiten duela adierazi du: presa txikiek arrainen ugalketa kaltetzen dutela.
Fanderiako bizilagunen postura ere biltzen aritu dela esan du PPko bozeramaileak, eta “gehiengoa” presa eraikitzearen alde azaldu dela adierazi du. Batetik, “etxebizitza erostearekin batera lortutako eskubideak aldatu” egingo liratekeela iritzita. Bestetik, berriz, Oiartzun ibaiak beste bide bat hartu duela azaldu du, “bidegorria arriskuan jarriz”.
Bi aldeak kontuan hartuko dituen irtenbidea
Zentzu horretan, bi aldeak kontuan hartuko dituen irtenbide arkitektonikoa bilatzeko eskatu du Herzogek, eta horrek “ahal den neurrian espezie anfialinoen errutea eta ohiko zikloa ahalbidetzea”. Era berean, Ertzain Etxearen parean dagoen zatian kaio ugari dagoela esan du, eta horrek ere arrainen ugalketa oztopatzen duela: “Presa berreraikitzeari uko egin baino horri eman behar liokete irtenbidea”.