"Segurtasun ezari" aurre egin diezaion eskatu dio PSEk udal gobernuari
Pasaiako PSEk “segurtasun ezaren” kontra borrokatzeko eskatu dio Udal Gobernu Taldeari. Sozialisten ustez, “lapurretak eta bandalismoa hitzetik hortzera dabiltza lau barrutietan”.
Gogorarazi dutenez, duela hilabete batzuk hainbat proposamen egin zituzten, eta EH Bilduk eta Ezker Anitzak baztertu egin zituzten. “Esan zutenez, Euskadiko bataz bestekoaren azpitik ginen, Eustaten datuak ikusita, eta segurtasun ezaren sentsazioa guk asmatutakoa dela”, gaineratu dute.
Eustaten datu horiek herritarren haserrea baretzen ez dutela iritzi dute, eta horregatik, neurriak premiazkoak direla uste dute. Horrela, hainbat proposamen egin dituzte. Alde batetik, Udaltzaingoaren zaintza indartuko luketen hitzarmenak lantzea eskatu diote. Bestetik, udaltzainen eguneko eta gaueko txandak indartzea nahi dute. Gainera, merkatari eta ostalariei prebentzio neurrien ikastaroak egiteko erraztasunak jartzea galdegin dute. Azkenik, Donostiako Udalarekin hitz egiteko eskatu diote, mugan dauden zonaldeak gehiago zaindu ditzan.
Bukatzeko, herri lasai eta seguru batek eragiten dituen “onura soziala” gogorarazi nahi izan diote Amaia Agirregabiria alkateari.