Ehunka elkartasun
atxikimendu jaso dituzte 2011ko urriaren 27an Yolanda Barcinari tarta bota zioten Mugitu taldeko lau kideek. Guztira 700 lagunek egin dute bat haiekin. Bi urte beranduago epaitu egingo dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean AHTaren kontrako ekintzaileak eta bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak eurentzat. Tartean Ibon Garcia lezoarra epaituko dute azaroaren 18an.
Hori salatzeko hainbat ekimen jarri ditu martxan Mugitu AHTaren kontrako desobedientzia mugimenduak. Atxikimenduak biltzeaz gainera, azaroaren 7an elkarretaratzea deitu du Mugituk Iruñeako Baluarteren aurrean. Pirineotako Lan Komunitateak bilkura egingo du bertan. 13:00etan izango da elkarretaratzea.
Azaroaren 12an, berriz, herriz herri elkarretaratzeak egingo dituzte. Azaroaren 16an berriz, manifestazioa deitu dute AHT gelditzeko eskatzeko eta
tartalariei elkartasuna adierazteko.